Bertsolantegiak zeharka, barrutik eta kanpotik begiratuko dio bertsoari
Udalekuetan zein ikastaroetan, bertsoak bere bidea jarraituko du uda partean ere, bertsozale gazte zein helduen aisialdia doinu atseginez blaitzeko. Asmo horrekin antolatu dute Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak eta Udako Euskal Unibertsitateak «Bertsolantegia» ikastaroa, uztailaren 1etik 3ra Eibarren egingo dena. Gainera, Euskal Herrian barna 260 gaztetxo Bertso Udalekuetako jolasetan murgilduko dira, doinu eta errimak ahotan hartuta.
A. BILBAO | BILBO
Iazkoari jarraipena eman nahian, uztailaren 1etik 3ra «Bertsolantegia» antolatu dute Eibarren Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak eta Udako Euskal Unibertsitateak, «Udako Menuaren» barruan. Bertan, bertsolaritzari zeharka, barrutik eta kanpotik begiratuko diote egitarau zabal baten bitartez, eta «belaunaldien arteko harremanak eta gogoetak bultzatzea» dute helburu, «bertsolaritza eta bertsogintza bere horretan bakarrik landu gabe, bertsoaren eta beste arte-diziplinen arteko erlazioak bultzatu eta sendotzeko foroa landuz».
Ikastaroa uztailaren 1ean hasiko da, «Zer ikas dezake bertsolaritzak antzerkitik?» hitzaldiarekin. Aizpea Goenaga antzezlea izango da hizlari, eta gero Gorka Tolosa gehituko zaio Itxaso Paiak gidatu mahai-inguruan «Zenbat eman behar dio antzerkiak bertsolaritzari?» gaiaz aritzeko.
Kanpoko begiradaren ostean zeharkakoa helduko da uztailaren 2an. «Dezimak badu lekurik bertsolaritzan?» da luzatutako galdera, eta Jon Martin erantzuna ematen saiatuko dena, bakarka lehenengo eta Jexux Mari Irazurekin eta Mikel Aizpuruarekin gero, Martin Aramendiren gidaritzapean. Arratsaldean, Dezimagintza tailerra egiten ere saiatuko dira gainera, eta Xabi Paya arituko da irakasle. Uztailaren 3an emango zaio bukaera ikastaroari, barruko begiradarekin. Mikel Markezek trikitixa, Jon Maiak dantza eta Igor Elortzak bertsoa izango dituzte hizpide. Hirurak elkartuko dira gero, tradizioa aztertzeko, «Atzo eta gaur», Iñaki Apalategiren gidaritzapean. Ikastaroaren arduraduna, berriz, Arantza Mariskal Balerdi, Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza eragilea izango da.
Bertso udalekuak
Bertsolantegia girotzeko hiru bertso saio esperimental ere jorratuko dira Eibarren. Lehena, uztailaren 1ean, «Bertso Trama eta gehiago» izenekoa. Bertsolari, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon Maia eta Maialen Lujanbio izango dira eta tramagile, berriz, Josu Goikoetxea arituko da. Bigarren saioa «Dezi Ma» dugu eta uztailaren 2an egingo da. Tramagile Xabi Paya eta bertso lanetan Andoni Egaña, Jon Martin eta Fredi Paia izango dira bertan. Bi saioak iluntzeko 20.30ean eta Eibarko Koliseoan izango dira. Bukatzeko eta lekua zehazteke badago ere, uztailaren 3an bertso bazkaria egingo dute Eibarren, eta Sustrai Kolina eta Amets Arzallusek kantatuko dituzte Unai Elizasuren gaiak bertsotan.
Umeek ere izango dute aisialdia eta bertsoa jolas giroan uztartzeko aukera, Bertso Udaleku eskaintza zabal baten bitartez. Hamaikagarren edizioan, Euskal Herri osoan zehar bederatzi txanda eskainiko dira, eta 260 haurrek parte hartuko dute. Gipuzkoan, Zarautzen eta Elgoibarko Aubixan; Araban, Barrian eta Zuhatzan; Zuberoan Ligi-Athereinen; eta Nafarroan Eulaten izango dira Bertso Udalekuok eta bertan, 35 neska- mutileko begirale taldea izango dute lagun bederatzi-hamazortzi urteko gaztetxoek.
Antolatzaileen esanetan, «gure asmoa bertso-eskoletako haurrak erakartzeaz gain, bertsolaritza ezagutzen ez dutenak tentatzea izan ohi da, eta badira tartean sekula bertso-eskolara joan gabeak ere». Horretarako, edozein udalekutan egon ohi diren ekitaldiez gain, bertsolariak gertutik ezagutzeko parada izango dute bertan, baita kantagintza lantzekoa ere. Aurten, gainera, txanda guztien artean «Bertso Udalekuetako Diskoa» ateratzeko asmoa ere badute, Oskar Estanga musikaria lagun. Dagoeneko Aubixako (15-18 urte bitartekoak, uztailaren 10etik 19ra) eta Zuhatzako (10-12urte bitartekoak, irailaren 2tik 5era) txandetan baino ez dago tokia, beste txanda guztiak bete dituzte-eta. Izena emateko deitu 943 217 798 telefonora edo www.bertsozale.com atarira jo ahalik eta lasterren.
Bertsolantegia indartzeko hiru bertso saio esperimental izango dira Eibarren. «Bertso Trama eta gehiago», «Dezi Ma» eta azkenik bertso bazkaria, ikastaroari behar bezalako bukaera emateko.
260 neska-mutilek eta 35 begiralek hartuko dute parte hamaikagarren aldiz antolaturiko «Bertso Udalekuetan», eta bederatzi txanda eskainiko dira, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Zuberoan.
Udan oporrik hartuko ez duen bertsoak bertsozaleen uda gozotuko du, eta Euskal Herriari bira eman makina bat ekitaldiren bitartez. Eibarren uztail hasierarako Bertsolantegia antolatzeaz gain, Euskal Herriko Bertsozaleen Elkarteak beste ikastaro bat ere antolatu du Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean, «Denbora jakinean egin beharreko jendaurreko sormen lana: arrakastaren gakoak» izenburu luzea daramana. Ikastaroak, jendaurreko hizkeran eta bertsogintzan erabiltzen diren baliabideez jabetu eta nork bere esparruan eta eguneroko bizitzan erabili ahal izateko tresnak ematea du helburu. Abuztuaren 28an eta 29an egingo da Donostian, Arantza Mariskal zuzendari duela. Ikastaroak 20 orduko balio akademikoa du eta matrikulak 60 euro balio du.
Horretaz gain, GR-16 Bertso Bideak ibiltari darrai. Duela bost urte Hernaniko, Oiartzungo, Lasarteko eta Orioko bertso-eskolek martxan jarritako egitasmoak 16 talde eta 51 saio biltzen ditu aurten. Datorren ostiraleko hurrengo saioan, uztailaren 4an, Zumarraga-Urretxuko taldeak Orioko taldearekin egingo du bertsotan.