GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ostegunean hasi ziren arren, asteburuan eztanda egingo dute sanpedroek Eskoriatzan

Hamaika dantzaldi, danborrada, herri bazkaria, umeen eguna, mascletá, kale antzerkia... horiexek dira Eskoriatzako festen menuko plater nagusiak; parranda gosea da eraman beharreko bakarra.

p027_f03_41052.jpg

GARA |

Sanpedroetan erabat murgilduta dira eskoriatzarrak ostegunetik, baina bihar izango dute egun handia eta detaile txikiena ere prest dute aurtengo San Pedro eguna apartekoa izan dadin. Dena den, herritarrak ez dira gaur etxean geratuko eta San Pedro bezpera ere ederto ospatuko dute.

Haurrak izango dira gaur parrandan abiatzen goiztiarrenak, eta berezkoa duten irudimenarekin kolorez margotuko dute herria, 11.00etatik aurrera egingo den margo lehiaketan.

Jaiei, ordea, eguerdi partean emango zaie benetako hasiera festa-kanpaiak eta txupinazoa izango baitira herriko plazan. Ondoren, kalejiraren txanda izango da, buruhandi eta txistulariekin batera.

Arratsaldean ere dibertsiorako aukera zabala egongo da pilota txapelketa edota Los Estranboticos taldearen «Kataplum» ikuskizun komikoarekin. Gaztetxoenek, ordea, Gaztelekuan izango dute festa lekua; jokoak, kontzertu sorpresa, afaria eta musika festa izango dute bertan.

Lisker taldearekin dantzatzeko aukera ere izango dute, baina eguneko hitzordu garrantzitsuenean, nagusien danborradan, kale egin gabe, noski.

Goiztiarrenek eta gaua motz geratu zaien horiek bat egingo dute San Pedro egunean, 9.00etatik aurrera txistulari taldearekin kalejiran. Pilota partidak eta kale antzerkia ere izango dira. Eta eguna bukatzeko aukera desberdinak daude: Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia, Piroteknia Zaragozanarekin suzko erruberak edota Greziako Tesalonikako Likio Ellinidon dantza taldearen ekitaldia.

Asteburu gogorraren ostean, astelehena umeen eguna izango da. Txan magoaren ikuskizuna izango dute, besteak beste.

Asteartea da jaietako azken eguna, baina askorentzat hori izan ohi da politena: Euskal Jaia. trikitilariak, dantza ikuskizuna, euskal preso eta errefuxiatuen aldeko kalejira eta mascletá izango dira jaiei agur esateko.

herri bazkaria

Asteartekoa izango da askorentzat hitzordu garrantzitsuena, hots, herri bazkaria, Euskal Jaia egunean. Gorosarri plazan egingo da eta aurten, gainera, umeentzako menua ere egongo da.

herritarrak

Udalak argi du programak ez duela jaia egiten, inolako zalantzarik ez baitu jaiak herritarrek egiten dituztela eta, hortaz, dei berezia egin die horiei jaietan parte har dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo