Euskal Herria eta Katalunia musikaren bidez senidetzeko, «EusCat» plazaratu du Trikiziok
Euskarazko eta katalanezko kantu ezagunak aukeratu eta «EusCat» diskoan bildu ditu Trikiziok. Kantuak bere erara eman ditu taldeak, jakina, eta euskarazkoak katalanera itzulita eta katalanezkoak euskarara.
Martin ANSO | DONOSTIA
«Zergatik `EusCat'? Kataluniarekin oso harreman ona dugulako, aspaldikoa, gainera; eta diskoa Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko senidetzan sakontzeko modua izan daitekeela iruditu zaigulako», adierazi zuen atzo eguerdian Xabi Arakama taldeko kantariak. Izan ere, diskoaren aurkezpen ekitaldia bukatu bezain pronto, Trikiziokoek Lleidako bidea hartu zuten, iluntzean han jo behar zutelako.
«EusCat» diskoan sartu dituzten kantuak honakoak dira: euskarazkoak, Su Ta Gar-en «Jo ta ke», Hertzainak-en «Esaiok», Mikel Laboaren «Martxa baten lehen notak», Kortaturen «Sarri-Sarri» eta Kaxianoren «Nere ametsa»; katalanezkoak, berriz, Pomadaren «Mª Merce», Ovidi Montllor-en «Perque vull», Lluis Llach-en «La gallineta», Inadaptats-en «Festa si, lluita també», Obrint Pas-en «Caça de bruixes» eta All Tall-en «El cant dels maulets». «Hainbeste kanturen artean aukeratzea ez da erraza izan -adierazi zuen Arakamak-, baina, horrelakoetan esan ohi den bezala, diren guztiak ez badaude ere, dauden guztiak dira».
«Bertsioen mundu hori -gehitu zuen Ritxi Aizpuruk, diskoa plazaratu duen Baga-Bigako sustatzaileak- zeharo labainkorra da. Oso kantu ezagunak dira eta, ondorioz, zaila da kantuak `hobetzea'. Orduan, zerbait `berezia' egin behar da, eta, alde horretatik, Trikiziok eta Matthieu Haramboure ekoizleak lan bikaina egin dutela nabarmendu beharra dagoela iruditzen zait, kantuak taldearen estilora moldatzen ederki asmatu dutelako».
Plaza-taldea, baina...
Estilo horrek erritmo alai eta freskoak ditu oinarri. Izan ere, Trikizio, oroz gain, plaza-taldea da, berbena eta erromerietan edonor dantzan jartzeko moduko doinu propioak bai baina gehienbat bertsioak jotzen dituzten horietakoa. «Eta harro gaude», argitu zuen Arakamak. Baina, aldi berean, taldekideak, den-denak Musikene Goi Eskolan heziak eta hainbat musika proiektutan eskarmentu handikoak, beti saiatu dira «pauso bat harago» joaten. Horren lekuko ere bada disko berria.
«Disko bat grabatzerakoan -esan zuen Arakamak-, plaza-talde askok nahigo izaten dute kantu propioekin grabatu. Guk ere badugu kantu propiorik, baina horrela egin izan bagenu, diskoak ez luke plazan egiten duguna islatuko, eta guretzat oso garrantzitsua zen diskoak plazan egiten dugunarekin zerikusi zuzena izatea. Ez genuen diskoan gauza bat eskaini nahi eta plazan, berriz, beste bat».
Diskoan, musikari gonbidatu gisa, Carles Belda (Pomada), Miquel Girones eta Xavi Sarria (Obrint Pas), Kepa Junkera, Joseba Tapia, Xabi San Sebastian, Orkatz abesbatza, Ines Osinaga (Gose) eta Iñaki Ortiz de Villaba (Betagarri) aritu dira, beste batzuen artean.
Izenburua: «EusCat».
Taldea: Trikizio (Xabi Arakama, trikitia eta ahots nagusia; Iban Gurrutxaga, gitarra; Juanma Urriza, bateria; Kike Arza, baxua; Mikel Albisu, alboka eta txalaparta; Unai Frantzesena, teklatuak, eta Paxkal Etxepare, soinu teknikaria).
Argitaratzailea: Baga-Biga.
Salneurria: 11,95 euro.