GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Inoiz baino nabarmenagoa da EAJk ez duela proiektu abertzalerik herri honentzat»

p004_f03_148x112.jpg

I.B. | GASTEIZ

Atzokoa bezala, 2004ko abenduaren 30ean izandako osoko bilkura ere «historikotzat» jo zutela gogoratu zion Nekane Erauskinek Ibarretxeri. Eta nabarmendu zuenez, orduan, Madrilen jasotako ezezkoaren aurrean, hauteskundeak deitu eta Estatutu Politiko Berria zena «betiko lurperatu» zuen EAJk. «Orain dela lau urte, ezker abertzaleak argi hitz egin zuen: bai Euskal Herriari, bai autodeterminazio eskubideari; ez autonomismoari, ez iruzur politikoari», gaineratu zuen eledun abertzaleak. Ondoren, hitz horiek Arnaldo Otegik esan zituela gogoratu eta hurrengoa gaineratu zuen: «Egun espetxean dago Otegi, Batasuneko zuzendaritza osoa bezala, Euskal Herria autodeterminazio eskubidearen jabe izan dadin ezker abertzalea egiten ari den lana eta borroka galarazi nahi duelako Espainiako Gobernuak», azaldu zuen.

EAJk, aldiz, kontrakoa egin duela baloratu zuen, eta adibide gisa, azken negoziazio prozesuak erakutsitako jarrera aipatu zuen. «Zuk ondotxo dakizu ze akordio politikori esan zenioten ezetz, baina oraindik ez zarete ausartu publikoki esatera zergatik itxi zenizkioten ateak herri honen erabakitze eskubideari Loiolan», ihardetsi zion Erauskinek lehendakariari.

EAJren benetako asmoa «ezker abertzalea ahultzea» dela aipatu zuen jarraian, «euskal jendartean aspaldi honetan gailen- duriko aldaketa nahia eta beharra egungo marko juridiko politikoaren erreforma huts baten baitan urtzeko», eta horretarako, PSOEk ezarritako «salbuespen egoerari» laguntza osoa eman izana aurpegiratu zien Ibarretxeri eta EAJri. Ildo honetan, EAJk eta PSEk helburu bera dutela azaldu zuen, «Estatutua eraberritzeko akordio bat hitzartzea», eta Iñigo Urkulluren alderdiak «Euskal Herriarentzat proiektu abertzalerik» ez duela salatu zuen.

Atzo bozkatu beharreko lege egitasmoari dagokionez, horren bitartez «PNVk herri honi egin nahi dion iruzurra» aipatu zuen. Besteren artean, nabarmendu zuen herri honek ez duela jadanik metodologiarik galdegiten, Anoetakoa bere egiten duelako, baizik eta «aldaketa politikoaren fasean» dagoela.

Galdeketak «ETA bere lekuan» jarri nahi duela aipatu zuen Ibarretxek, eta horren aurrean, Estatu espainolak erabilitako errepresio gordina gogoraraziz, Erauskinek Estatu espainola bere lekuan jartzeko ordua ez al den galdetu zion. Besteak beste, galdeketak Euskal Herriko gainerako herrialdeak kanpo uzten dituela eta herri honen zatiketa indartzen duela kritikatu zuen.

Zergatik? Zertarako?

Dena den, Ezker Abertzaleak ez dio eragotzi Ibarretxeren egitasmoari aurrera egiten, eta Erauskinek «zergatik» eta «zertarako» azaldu zuen. «Espainiar Konstituzioaren topea agerian uzteko», eta «Estatutuaren eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren porrota agerian uzteko eta haren benetako izaera erakusteko». Hirugarren xedea, «EAJren eta autonomismoaren benetako bisaia agerian uztea», eta «alternatiba bakarra, marko konstituzional-autonomikoa gainditu eta marko demokratikoa erdiestea dela agerian uzteko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo