GARA > Idatzia > Txokotik

Floren Aoiz www.elomendia.com

Nork bere fakturak ordaindu behar!

EAJk ez du inoiz serio hartu Ibarretxe plana izenaz ezagutzen duguna. Izenak berak adierazten du, egia esan. Jeltzaleek ez zuten espero iritsi den puntura iristea, eta ez zuten halakorik nahi. 2004an, ezker abertzaleak proposamenari bidea irekiko ziola iragarri zuenean, EAJko buruak pozik behar lukete, baina Imazen aurpegiak garbi hitz egiten zuen: operazioak kale egin zuen. Izan ere, egitasmoa edota plana baino, operazioa esango nioke nik horri. Beren helburua proposamena baztertzea zen, PSOE-PPri zein ezker abertzaleari porrotaren ardura leporatu ahal izateko. Gaizki atera zitzaien, ordea, eta geroztik inprobisatzen aritu dira, norabide argirik gabe. Edo, hobe esanda, hasierako helburua berreskuratu nahian. Gaitz erdi gisa, azkenean, eta politikoki nahiz hauteskundeei dagokienez izan dituzten emaitza kaskarren ondorioz, bururatu zaien bakarra abiapuntura itzultzea izan da. Ibilbide patetiko baten ondotik, itxaropen bakarra geratzen zitzaien: ezker abertzaleak beraien zorra ordaintzea. Oraingoan ere, porrot egin dute. Ezker abertzaleak ez du inoren faktura ordaintzeko asmorik. Nork berea ordaindu behar. Nork bere ardurari aurre egin beharko.

Herriak badaki noraino iristen den proposamena defendatzeko borondatea. Madrilek ezezko biribila eman zuen, eta zer egin zuen EAJk? PSOErekiko itunaren bila ibili zen, eta beraien eskutik zakarrontzira bota zuen konponbide politikoa lortzeko itxaropena. Hori ere gaizki atera zitzaien, sobera nabarmena izan baitzen, eta Imazi egokitu zitzaion fakturaren parte bat ordaintzea. EAJk, ordea, ez zuen autokritikarik egin, eta PSOErekin dituzten harremanetan une zailak gertatzen baldin badira, Zapateroren alderdiaren harrokeriarengatik eta jeltzaleen behar elektoralengatik da, ez estrategia aldatu izanagatik.

Orain, aitzakiak bukatu dira. EAJ eta bere esanetara dauden EA eta IU beren arduren aurrean daude. Ez dago inori pilota pasatzerik! Eta oraingoan, Madrilek bidea ixten duela aipatzeak ez du inor aseko. Hori iragarrita zegoen eta, hala ere, proposamena Gasteizko Legebiltzarrera eraman dute. Iritsi da nork bere fakturei aurre egiteko tenorea, hots!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo