Gure Izarrak-ek jaurti zuen txupinazoa Berrizko jaien hasieran
Jaietan emakumearen parte hartzea bultzatzea, hori da Berrizko aurtengo San Pedro jaietako helburua. Eta abiapuntua hori izanik egitaraua egiten saiatu dira. Gure Izarrak emakume taldeak pregoia irakurri eta txupinazoa bota zuen. Jaiak atzo hasi ziren.
GARA |
Gaur, larunbata, altxatuko dute Donien Atxa Berrizen, jaiak hasi eta hurrengo egunean hain zuzen. Egitarauak hainbat berrikuntza izango ditu, besteak beste, emakumeen jaietako parte hartzeari buruzko argazki erakusketa antolatu du jai batzordeak; eta horrekin batera, Olakueta eta Zengotitabengoa artean erloju kontrako bizikleta igoera jokatuko da afizionatuen artean, bihar, igandea, 18.30ean hain zuzen.
Gehienbat emakumez osaturiko jai batzordeak antolatutako egitarauari begiratuta, asto lasterketa -gaur, 19.00etan- izango da, eta buruhandiak eta erraldoiak ere Berrizko kaleetan ibiliko dira egunotan, haurren atzetik.
69.100 euroko aurrekontua duen egitarauari dagokionez, azpimarratzekoak dira elizan eskainiko den akordeoi kontzertua eta Aukeran izeneko konpainiak kiroldegian eskainiko duen dantzaldia. Kontzertuei dagokienez, atzo, Área 62 kataluniarrek, Flipin Folk-ek eta Noisex-ek jo zuten txosna guneko oholtzan; gaur, berriz, Berrizko Zain eta Mafia taldeekin batera Deabruak Teilatuetan izango dira txosnetan. Bestalde, aurten hiru DJ ere arituko dira Berrizko jaietan, rock eta folk musikaz gain, dantzatzeko musikarekin gozatzeko aukerarik izango da beraz.
Amurizatarrak eta Lazkano
Sardinak erretzen diren egunean, bertsolariak izango dira; Xabier eta Miren Amuriza, eta Gorka Lazkano arduratuko dira ekitaldi horretako giroa indartzeaz.
Gaur, bestalde, eta Berrizko Merkatari Elkarteak antolatuta, Elizondotik Olakuetarako trena izango da 11.00etan, eta ordu erdi geroago, Gorriti eta bere animalien ikuskizuna izango da. Udaletxeko lorategian paella lehiaketa antolatu da 14.00etarako eta bazkaldu eta gero, mus, tute eta briska txapelketa hasiko da.
Hipo eta Tomax pailazoak 17.30etik aurrera arituko dira eta geroago, asto lasterketa bukatu ondoren eta Donien Atxa jaso eta gero, igel txapelketari ekingo diote. Txosnetan rock kontzertua hasten den ordu berean, 23.00etan, erromeria hasiko da Scenica orkestrarekin eta gauerdian, bolo txapelketa.
Bihar, igandea, bizikleta martxa iragarrita dago 11.00etan eta eguerdian, berriz, umeentzako jolasak.
Pilota partidak 16.00etan hasiko dira, eta ordubete geroago, Txanogorritxu Rock haur erromeriaren txanda izango da.
18.00etan erraldoi, zaldiko eta Musika Ondalan konpartsaren kalejira hasiko da, eta 20.00etan, dantzari dantza. Elizondo plazan, Haitzama musika taldeak eskainiko duen dantzaldia 21.00etan hasiko da.
21 auzotarrek osatu duten jai batzordean gehienak emakumeak dira. Aurten, Gure Izarrak taldeak jaurti du txupinazoa eta jaietan emakumeen parte-hartzea gai hartuta argazki txapelketa antolatu dute.
Gaur txosna gunean Zain, Mafia eta Deabruak Teilatuetan taldeen kontzertua izango da 23.00etan; ordu berean, Scenica taldeak dantzaldia eskainiko du. Gauerdian, berriz, bolo txapelketa jokatuko da.