GARA > Idatzia > Gutunak

Beñat Ijurko Donostiako BAI EUSKAL HERRIARI ekimenaren izenean

Geurea ikurrina

Ikurrina Luis eta Sabino Arana anaiek sortu zuten 1894an. Hasieran Bizkairako ikurra bazen ere, gerora zazpi lurraldeena izatera pasa zen. Geroztik, eta urteetan, euskalduntasuna, erresistentzia eta lurraldetasuna batu dituen ikurra izan da. Hori dela eta, azken 100 urteetan Frantzia eta Espainiaren jomugan izan da.

Ehun eta hamalau urte luze hauetan ikurrinarekiko jarrera ezberdinak izan dira. 1931tik 1936 arte ikur ofiziala izan zen, baina 1936an, Errepublikaren aurkako estatu kolpearen ondorioz, legez kanpo utzi zuten.

Gerra Zibilak (1936-1939) iraun zuen bitartean, euskal gudarien ikurra izan zen ikurrina. Ondoren, Frankoren diktaduraren garaian, gogorki eraso zuten; horregatik, Ipar Euskal Herrian ere ezaguna egin zen. Frankismoaren azkenetan eta herri ekimenek eraginda, poliki-poliki ikurrina berriro ere toki publiko zehatzetan agertzen hasi zen, jarri eta berehala kentzen bazuten ere. Hala ere, Franko hil eta gero errepresioa ez zen amaitu, trantsizio garaian ere eraso gogorrak izan zituen. Zergatik eta bizirik zegoen herri baten ikurra zelako.

Gaur egungo egoera gordina da, Frankismoaren garaietara itzuli garela esan genezake. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ikurrina mamiz hustu eta folklorearen baitan ito nahi duten ikur gisa darabilte, beti ere izaera ofizialeko kokaguneetatik urrun.

Nafarroa Garaian ikurrina legez debekatuta dago; beraz, ez dago euskal ikur hau eraikin publikoetan jartzerik. Gainera, Nafarroa kudeatzen duten administrazioek eraikin publikoetan espainiar ikurra jartzera behartzen gaituzte.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, ikurrina espainiar agintarien menpeko ikurra dela agertu nahian, instituzio publiko guztietan ikurrinaren ondoan bandera espainola jartzera behartu nahi gaituzte legez. Batzuek beti bezala legedi atzerritar eta inposatu bati men eginez, atzera begiratu gabe erdi ezkutuan eta hauts asko harrotu gabe, inposizioa onartu dute, Donostian Odon Elortza alkate demokratarekin gertatu den bezala.

Egoera honen aurrean, zera esan nahi diegu Donostiako herritar guztiei, ez dugula inoren inposiziorik onartzen eta, aldiz, donostiarren hitza eta erabakiak errespetatzea dela gure helburu bakarra.

Donostiako Udaleko talde politikoei ere zuzentasunez eta ausardiaz joka dezatela eskatzen diegu, donostiarren artean zatiketa eragin beharrean, eta gure nazio ikurrak defenda ditzatela.

Denon artean indarrak bilduz herri babesa antolatu behar dugu, gure ikurren defentsa egiteko eta ikurrinak bere lekua berreskura dezan.

Lege inposatzaileen gainetik herriaren borondatea eta nahia errespetatu behar dira. Horregatik dei egiten dugu bihar Donostian egingo den ekitaldian parte hartzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo