Gema Aldaz, Angel Erro eta Julio, Iñaki, Puy, Raul, Mirari, Josetxo... Zaldiko Maldiko-ko Irakurriz Libertitzen Gara-ko lagunak
Sagrariorekin liburuz liburu
SPrako tranbian abiatu ginen elkarrekin Gerezi denboran eta, Txokolatezko dinamita zarelako, Koilara bete hitz irentsarazi zenigun. Hirira doan bidean sartu ginenean, Emakumeari sugeak esan zionarekin liluratu gintuzun. Atzo, berriz, Itzulera baten historia zela medio, Ambrosio aurkeztu zenigun, Ararat mendiaren suminaren berri eman ziezagun. Mentura dugun artean jarraitu, errepikatu diguzu behin eta berriz, Bizia lo gelditzeko arriskua dagoelako, Eulien bazka bihurtzeko. Jakin genuen Ugerra eta kedarra sobera zeudela Leuropan, eta Ezinezko maletak egitea beharrezkoa zela, Azken hitzordura tenorez ailegatzeko. Harrizko pareta erdiurratuetan Gauza guztien zergatia ikasi genuen, eta Belarraren ahoarekin Elektrika sor daitekeela. Ansoleaga karrikako gure txoko sorgindutik... Han goitik itsasoa ikusten da, eta ikusi dugu, Bekatuak egin bidenabar. Rock'n'rollari eman diogu frankotan gogotik, Eta handik gutxira gaur, Emakume ezezagunaren gutuna iritsi zaigu, Quebec-etik konparazio baterako. Hodei berdeak agertu dira Zeruetako erresuman, azkenik, Arotzaren eskuek egin gogo dutena Kolosala izango da-eta. Etorkizuna zain dugu, Zekale artean harrapaka ibil gaitezen berriz, Gorputzeko Humoreek eragozpenik jartzen ez badigute, behinik behin. Nola ahantzi Elsa Scheelen Sua nahi, Mr. Churchill? galdezka hasi zen egunaz! Sukar ustelaren urtea baitzen. Aizu, horrelako zenbat! Eta gaur egun zernahi! Zeren, Pereirak dioenez, Umeek gezurra esaten dutenetik Jeansak hozkailuan sartu behar direla sinetsarazi nahi baitigute. Zu Ezezaguna helbide honetan? Bai, zera! Sagrario, mila txori-on zuretzat! Eta irakurri ditugun liburu guztietako orriak adina musu!