GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskarara gabildean eta lekuko politikariak, berriz, beste alde batera begira

IV. Inkesta Soziolinguistikoak panorama larria agerrarazi du Ipar Euskal Herrian: gero eta hiztun gutxiago, transmisioaren beherakada... Hitz batean, euskara galbidean da. Datuok, haserrea eta etsipen puntua eragin dute euskalgintzan, baina, aldiz, hainbat ordezkari politiko ohartu ere ez dira egin.

p018_f02_177x140.jpg

Arantxa MANTEROLA

Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak elkar hartuta aurkeztu berri duten IV. Inkesta Sozio-linguistikoaren azterketa eskaini dute aste honetan Baionan. Espero zitekeen bezala, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoko datuen larritasuna nabarmendu dute. Lurralde horietan euskararen gainbehera ikusita, ez da gutxiagorako.

Euskal hiztunak galdu egin dira, dakitenek gutxiago hitz egiten dute eta familia transmisioak behera egin du. Zifra batzuk aipatzearren, elebidunen bi herenek 50 urtetik gora dute. Horrek esan nahi du datozen 30 urteotan elebidun horiek galdu egingo direla; anartean, euskalduntzen diren gazteak ez dute, oraingo erritmoan, galera hori geldituko, nahiz eta 16-24 urteko tartean euskara dakitenen kopurua (% 16,1) hazi egin den. Oro har hartuta, EEPko zuzendari Jean-Claude Iriartek emandako azalpenak ondo islatzen du egungo argazkia: 10 herritarretik bik euskaraz dakite, batek zerbait daki eta gainerako zazpiek ez dakite.

Euskalgintzan diharduten erakundeek, halere, zantzu positiboak nabaritu dituzte, besteren artean, gazteengan ezagutza handitu izana eta gizarteak, duela zenbait urte ez bezala, begirune gehiago erakusten duela euskarekiko. Lanean jarraitzeko premia eta gogoa ere argi utzi dute galerari aurre egiteko hartu beharreko neurriak zehaztuta.

Janik gabe, nola bizi?

Neurri horien artean, ordea, bada aspalditik galdatutako bat: ofizialtasuna, hizkuntzari babes juridikoa ematearena, alegia. Euskalgintzako eragileek ondotxo dakite ofizialtasunak, berez, ez duela euskara salbatuko baina hori gabe ia ezinezkoa izango da. Xabier Mendigurenek berak erran moduan, «jan gabe bizitzeko eskatzea litzateke».

Alta, azken asteotan izandako gorabeherek ez dute baikor izateko sobera aukerarik ematen. Estatuko «hautetsi handien», Gobernuaren eta baita lekuko hautetsi eta ordezkarien jokaera ikusita, ez da aztia izan behar hizkuntza gutxituen gaia denboraldi baterako «aparkatu» dutela pentsatzeko.

Bestetik, herritarrak oro har ez dira apenas jabetu gertatutakoaz eta betiko eztabaida politikoaren kontutzat hartu dute Parisek egin destaina berria. Euskalgintzako eragileek, berriz, indar, haserre edo etsipen handiagoz edo txikiagoz, salaketa plazaratu dute eta, abestiak dion eran, lepoan hartu eta beren zeregin eskergarekin aurrera jarraitzeko asmoa adierazi dute.

Baina, badira Estatuaren ostikada berri honen konplize kaltegabeak eta horiei, oraindik orain, inork ez die fundamentuz konturik eskatu. Batetik, hitzez euskararen defendatzaile (azken urteetan, jakina) diren lekuko hautetsiak: Didier Borotra senataria, Daniel Poulu eta Jean Grenet diputatuak eta EEPko lehendakaria bera, Max Brisson. Eta bestetik, Frantsesaren Akademiako «hilezkorrak» -horrela deitzen dira bertako kideak-, frantsesa hilko den beldur, «nazioaren hizkuntzaren» nagusitasuna mantentzea eskatu baitute gainerako hizkuntzen heriotzak bost axola diela erakutsiz. Aurka ez daudela badiote ere, etxe zuloan soilik nahi dute euskara.

Norbaitek, pareko eginkizuna duen Euskaltzaindiak esaterako, edo euskalgintzako eragileek, edota Estatuko hizkuntza gutxituen biziraupenean ahalegintzen ari direnek, esango al diete horiei guztiei euskararen eta euskal herritarren hizkuntza eskubideen bizkar ari direla frantsesaren «handitasuna» mantentzen?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo