GARA > Idatzia > Ekonomia

Bentetako langileen lan-baldintzak salatu ditu LAB sindikatuak

Prekaritatea, amaigabeko lan egunak, errespetu eza eta presio etengabea ohikoak dira Bentetako langile askoren jardunean, LAB sindikatuak salatu duenez.

p036_f02_148x96.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Bentetako langile askoren egoera gaitzesteko eta «legedia bete dadin» exijitzeko, LABek deituta, elkarretaratzeak egin ziren atzo Ibardinen, Arnegin eta Dantxarian.

Bentak deituriko ostatu eta dendetan lanean diharduten hainbat langilek epe mugaturako lan kontratuak izan ohi dituztela salatu dute.

Badira hirutan kontratatu dituzten langileak, eta beti epe jakin baterako. Horrez gain, langile horiek apenas duten lan orduetan mugarik. Lan asteak berrogeita hamar eta hirurogei ordukoak izan daitezkeela adierazi dute, eta aparteko orduak ez dizkietela behar bezala ordaintzen.

Are gehiago, gehiegizko orduen ordainketa eskatu ostean, hainbat langile kaleratu dituzte.

Erritmo «izugarria»

Lanaren erritmoa bera ere «gehiegizkoa» izan ohi dela adierazi dute bertako langileek.

Igande askotan, esaterako, zazpi langile besterik ez dira aritzen hirurehun edo laurehun pertsona ingururi zerbitzua ematen.

LABen ustez, baldintza horiek «onartezinak» dira. Sindikatu abertzaleak argi utzi nahi izan zuen atzokoan, langile horiek legeria aplika dadin besterik ez dutela eskatzen: «Lan-baldintza gordin hauek salatu eta, aldi berean, argi utzi nahi dugu eskatzen ari garena ez dela gehiegikeria, dagokiguna baizik».

«Legea eta langileen eskubideak -gaineratu zuen- errespetatzea eta iruzurrezko funtzionamendu hauek guztiak amai daitezela eskatzen dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo