GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Hasieratik musikaz blai idauze-mendiko zelaietan

Zuberoan egingo den azken Euskal Herria Zuzenean abiatu da

Euskal Herria Zuzenean festibalaren hamahirugarren edizioa hasi da. Bart arratserako jada, milaka ziren Zuberoako bailarara gerturaturikoak eta datozen hiru egunetarako are jende gehiago espero dute antolatzaileek.

p010_f01.jpg

Koldo OTAMENDI | IDAUZE-MENDI

1995. urtean Nafarroa Behereko Arrosa herrian lehen urratsak eman zituen Euskal Herria Zuzenean festibala, azken bost urteotan 300 biztanle eskas dituen Zuberoako Idauze-Mendi herrian ospatu da eta, horregatik, aurtengoa edizio berezia izango da. Izan ere, datorren urtetik aitzina kokagune berria izango du nortasun propioa izatea lortu duen jaialdiak.

Idauze-Mendiko azken edizio honek atzo arratsaldean zabaldu zituen ateak, eta, ordurako, azken egun hauetan auzo lanean aritu diren makina bat gazteren aurpegietan nekea eta irria suma zitezkeen. Nekea, ordulariaren kontrako lan ordu mordoa egin behar izan dituztelako guztia muntatzeko, eta, irria, berriz, lana amaitu ostean guztia hiru egunetan zehar jai giroaz gozatzeko prest zegoelako.

Bien bitartean, arratsaldeko lehen orduetarako antolakuntzan laguntzeko Topagunearekin elkarlanean prestaturiko lehen autobusak iristen hasi ziren jaialdira, baita, horiekin batera, beren kabuz etorritako makina bat auto, furgoneta zein karabana ere. Ez ziren falta izan errepide bazterretan jendarmeriak ezarritako kontrol saioak. Pixkanaka-pixkanaka, Idauze-Mendiko zelaiak perretxiko itxurako kanpin dendez betetzen joan ziren eta horien koloreek festa hastear zela iragarri zuten.

Musika taldeen zuzenekoak zehazki, iluntzeko zortzietatik aurrera hasi ziren, nahiz eta aurretiaz txistulariak giroa berotzeaz arduratzen hasiak ziren. Antolatzaileek lau gunetan bereizi dituzte aurtengo ikuskizunak: agertoki nagusian, gazte agertokian, oholtza ttipian eta animazio ibiltarietan.

Agertoki nagusirako kontzerturik deigarrienak prestatu dituzten arren, beste oholtzetan ere ez da kalitate eta girorik faltako. Agertoki nagusitik at joko duten taldeak horren lekuko argia dira. Gatazkarap, ARTI, Txikan, On Benito, Ultra Vomit edo Inserta dira horietako batzuk.

Bestelako baloreak

Dudarik gabe ordea, agertoki nagusian arituko diren atzerriko musikariak izango dira egun hauetan guztietan protagonista nagusiak, bestelako balore batzuk bultzatzea helburu duen EHZ festibalaren leihoak mundura zabalduz.

Arratseko zortzietan hasi ziren zuzeneko kontzertuak agertoki txikian. Tartean, berriz, Zuberoko festibalean inoiz falta ez den elkartasun keinua: hamabost minutu iraun zituen ekitaldi xume baten bitartez preso diren festibaleko laguntzaile ohiei agur bat luzatu zieten, hilabeteko azken ostiraleko ekimenekin bat eginez. Gaueko ordu txikietarainoko bidea, berriz, Keny Arkana rap abeslariaren eta Obrint Pas eta Ojos de Brujo Sound System taldeen ardura izan zen.

Kalitatezko musika izango da nagusi Idauze-Mendiko zelaietan datozen bi egunotan. Tonino Carotone, Toots & The Maitals, Clawfinger edota Ruper Ordorika bezalakoak izango dira gaurtik eta igandera bitartean Euskal Herria Zuzenean festibalean euren musika eskainiko dutenak, betiere bertaratutako guztien gozamenerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo