GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Erasoka, baina demokratak!

Gaur egun demokratikoena omen den eremuan, estatuaren bihotzean, ordezkari nagusiak arerioari bere nortasuna ukatzea oso normaltzat jotzen dute

Nik ere bozkatu nahi dut ! Estitxu Fernandezekin bat nator. Nik ere nire iritzia eman nahi dut! Baina kasu berean gaude, bera nafarra eta ni lapurtarra. Ez digute deus eskatuko. Ez gaituzte «kontsultatu»ko. Ez omen gara euskal herritarrak. Alta, zainetan nire odol euskalduna bor-bor sentitzen dut, nire aldamenekoak, Oranen sortua, euskara ikasi duena eta bere geroa hemen ikusten duenak ere parte hartu nahi du. Baina ez!

Egia da azken asteetan entzundakoak oso urrun eraman gaituela, iluntasun guztien garaian gaudela erakutsi. Hizkuntz gutxituen frantses Konstituzioan sartzearekin hasi ziren. Badinter justizia ministro ohiak, demokratetan demokratena, heriotza zigorraren aurkako borrokan jarduna, heriotza zigorrerako bidea ireki die Estatuko hizkuntz gutxituei, konstituzioko lehen artikuluan ez direla aipatzen ahal argudiatuz eta lege proposamenaren aurka bozkatuz. Haatik, erreferentzia demokratiko gisa ikus zitekeen abokatu famatua. Estatu frantsesaren nombrilismoa Estatuaren goi mailara iritsia da, elite goraipatuena ere janez.

Ehuneko hogeita bost elebiduna Ipar Euskal Herrian. Bide onean doaz. Errepikatzen ahalko digute gutxiengoa garela eta dagoeneko indar handiak egiten dituztela euskararen alde, nahikoa dela egiten dutena. Azken urteetan, horrelako diskurtsoak eramaten ez ziren gehiago menturatzen, euskararen aurkako eraso zuzenak lasaitu zituzten, iritzi publikoak euskara laguntzea eskatzen baitzuen. Hauteskundeak heldu ziren. Baina diskurtsoa moldatzeko unea heldu zaie, eta entzuten ditugu erraten, Herriko Etxe batzuetan, kostaldean, gutxiengoa garela, ez dutela ulertzen zergatik sartu behar dugun euskara Herriko Etxeetan. Euskararen Erakunde Publikoak lege proposamenaren atzera botatzea sentitu du. Gehiagorik? Eskutan dauzkan ahalak ez dira euskararen salbatzeko eginak, Estatuaren aurpegia garbitzeko baizik. Debate horietan guztietan Lamassoure entzun al duzue?

Ernatzeko beharra dugu, euskaldun kopuruaren txikitzea gelditzeko.

Zapartagarriena, Euskal Herria Euskal Curriculumetik kentzearen aipamena. Ausardia ez zaie falta! Azken batean, oso logikoa gertatzen da Espainiako agintaldiaren eremu nagusian arerioaren nortasuna ezeztatzea. Gaur egun demokratikoena omen den eremuan, estatuaren bihotzean, ordezkari nagusiak arerioari bere nortasuna ukatzea oso normaltzat jotzen dute. Hau ez al da iraina? Horrelako adierazpena agintearen maila horretara ekartzeak elkarrizketaren bidea non gelditzen den erakusten digu. Ez al da epailerik horren salaketaren onartzeko?

Savater frantses akademiaren ildotik joan da, alegia, gaztelania Espainiako estatuaren hizkuntza dela Konstituzioan idazteko eskaera egiten duelarik. Euskararen Erakunde Publikotik Ipar Euskal Herrian politikarako tresna euskara ez dela erabiltzen zioten. Ez dute erabiltzen, egia da, izatea ukatzen diote soilik! Hamaika entzuteko sortu ginen, eta hau guztia ez da bukatua...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo