Etxez-etxe abiatuko da Xiberoko Botza irratiari bultzada bat emateko
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Uztailarekin batera, udaldia iritsiko da irrati gehienetara. Xiberoko Botzakoek, ordea, atseden ez hartzeaz gainera euren ekimenari bultzada bat emateko erabiliko dute epe hau. Larunbat honetan, hilaren 5ean, Etxez-etxe kanpainari hasiera emango diote. Irratitik azaldu dutenez, urtero egin ohi duten ekimen honekin herritarren elkartasuna lortu nahi dute haien hedabideak hazten jarrai dezan. «Hilabete honetan batzen dugunarekin lanpostuen erdia mantentzen dugu», esan du irratiko esataria den Laurent Etxegoinek. Xiberoko Botzan bost langile aritzen dira era profesionalean kalitatearen aldeko apustua egin ahal izateko.
Udan zehar, bestalde, programa desberdinak igorriko dituztela azaldu dute irratikoek eta, aldi berean, irailetik aurrera emango dituztenak lantzen jarraituko dute. Ez dute ahantzi, bestalde, orain arte lortutako kalitatea mantendu nahi badute hobekuntzak eta berrikuntzak ezinbestekoak direla. Datorren urteari begira, argi azaldu ditu Etxegoinek jarraituko dituzten bi ildoak. Lehenik eta behin, herri desberdinetatik kolaborazioak egiten dituztenen sarea garatu nahi dute. Zuberotarrei zuzenduta dauden informazio hauek dira irrati honen ardatz nagusia. «Albistegiak dira gure programetan pisu handiena dutenak», esan du esatariak eta bide honetan lurraldeko puntu desberdinetatik jasotzen dituzten kolaborazioak ezinbestekoak dira. Horregatik, orain arte kalitate handia eskaintzan jarri duten arren, laguntzaileak hobetu eta biderkatu nahi dituzte orain.
Bigarren ildo nagusia web-gunea hobetzea izango dela esan du Etxegoinek. Hedabide gehienek bezala, Interneten kalitatezko tresna zabal bat izatearen garrantzia sumatu dute irratiko kideek eta, horregatik, hau ere garatzeko asmo sendoa azaldu dute. «Lantzen ditugun albiste guztiak ikusgai egotea nahiko genuke irailetik aurrera», baiteztatu du eta, horrez gainera, irudietan garrantzia ere jarriko dute argazkiak eta bideoak ekoitziz.
Azpimarra daiteke Zuberoako irrati honek sartuko dituen berrikuntzek Ipar Euskal Herriko beste lurraldeetan ere eragina izango duela «Euskal Irratiak» sarea dela medio. Sare hau 1997an sortu zuten Nafarroa Behereko Irulegi irratiak eta Lapurdiko Gure Irratiak Zuberokoarekin batera eta honek hiru hedabideak edukiz hornitu eta Ipar Euskal Herriko esparru osoa euskarazko informazioz betetzeko balio izan die. Ondo funtzionatzen duela eta, nahiz eta bakoitzak bertako albisteak landu, hiruren artean esparru handiago bat haien gain hartzeko aukera eskaintzen diela azpimarratu du Etxegoinek.