ARC-1 | Portugaleteko Bandera
Kaikuk hasieratik erakutsi du nor den ontzi indartsuena
Sestaoko ontzia jaun eta jabe izan zen aurreneko estropadan eta uda amaieran TKE ligara igotzeko faborito garbia da. Camargo ere maila oso onean aritu zen.
Ander GARTZIA | PORTUGALETE
Denboraldia hasi besterik ez zen egin atzo Portugaleten ospatutako estropadarekin, baina ARC mailako lehen multzoak faborito nagusia du: Kaiku. Sestaoarrek argi erakutsi zuten neguan egindako fitxaketekin beren helburu nagusia zein zen, eta lehen abisu garbia aurredenboraldian izandako probetan eman zuten. Atzo iragarpenak bete ziren; lan erdia egiterako hamahiru segundoko aldea kentzen zioten Jose Luis Kortaren mutilek bigarrenari, eta helmugara iritsitakoan minutu erdi baino gehiagokoa hirugarrenari. Gauzak asko aldatu ezean, argi geratu zen atzokoan, «bizkaitarra» ontzia igoerako kanporaketetara aukera askorekin iritsiko dela denboraldi amaieran.
Camargoko ontziak, bere aldetik, pauso garrantzitsua eman zuen sailkapeneko bigarren postu horretarako lehian. Ez puntuei dagokienez -hasi besterik ez baita egin-, baizik eta erakutsitako jarreragatik. Kantabriarrak Kaikuren erritmora «hurbiltzea» lortu zuten bakarrak izan ziren eta ia 20 segundo atera zizkioten atzoko hirugarren sailkatuari, Pasai Donibaneri.
Bi kanporatu
Aurreneko proban gorabeherak izan ziren, estropada amaitzean bi traineru kanporatu zituzten: Santurtzi eta Donostiarra. Lehenari beste traineru bat abordatu izana eta bigarrenari ontziaren pisuaren inguruko araudia urratu izana egotzi zieten epaileek. Zierbenako traineruak, bestalde, 3 segundoko zigorra jaso zuen.
Hamabi ontziak elkarren aurka arituko dira berriz datorren larunbatean Getxoko uretan, eta aukera berri bat izango dute Pasai Donibanek, Isuntzak eta Hondarribiak sailkapeneko aurreneko tokietan borrokatzeko eta igoera postuetan sartzeko.