GARA > Idatzia > > Kultura

«Zinemagintza niretzat bizitzari zentzua emateko modua da»

p039_f1.jpg

Iban DEL CAMPO, Zinemagilea

Iban del Campok (Arrasate, 1971) aukera paregabea izan zuen joan den ostegunean. Izan ere, bere lau film labur Donostiako Antzoki Zaharrean ikusgai izan ziren: «¿Mañana, la vida será mejor que hoy?», «El viaje de Elsa», «Un tal Eusebi» eta «Lo bakarrik». Euskaraz errodatutako lan hau da bere azken lana, hain zuzen, iazko udan Tabakaleran grabatu zuen bere lehen fikziozko film laburra.

Arrasateko zinemagilea zortzi urtez Bartzelonan egon eta gero Euskal Herrira itzuli eta aukera paregabea izan zuen pasa den udan; Tabakaleran bere fikziozko lehen lana grabatzeko aukera, «Lo bakarrik». Bertan, lo bakarrik egin ez dezakeen Iratiren istorioa kontatzen da. Harrera ona izan du 14 minutu irauten duen lan honek, eta ondorioz Harkaitz Canorekin batera sortutako Limbusfilmaken eskutik istorio hori oinarri hartuta film luzea egiteko asmoa du Del Campok. Nahiz eta, oraingoz, horixe den guztia, «asmoa besterik ez».

Donostiako Antzoki Zaharrean iragan ostegunean, besteren artean, zure azken lana ikusi ahal izan zen, «Lo bakarrik», insomnioaren gaia jorratzen duen lana. Zergatik aukeratu zenuen gai hau?

Eguneroko bizitzan aurkitzen den egoera horietako bat delako. Niri egoera horren inguruan gehien interesatzen zitzaidana ezin lo egitearen aurrean zer egin behar dugun jakitea zen. Egoera horretan dagoen pertsona baten buruan sartu nahi nuen. Nolabait, gainera, insomnio mota zehatz eta desberdin baten inguruan hitz egin nahi nuen, hau da, bakarrik lo egin ezin duen pertsonaren istorioa. Norbaiten behar hori edukitzea, baina lo egiteko soilik. Loezina azkenean, zeharkako gaia da, egoera zehatz baten ondorio bat dela ere esan daiteke.

Zure lehenengo fikziozko lana da, gainera.

Orain arte egin ditudan lan gehienak dokumentalak dira, eta hau, batetik, nire fikziozko lehen lana da eta aktoreekin eta 20 pertsonako lantalde teknikoarekin grabatutako lehena, bestetik. Orain arte zuzendu ditudan lanetan antzezleak ez ziren aktore profesionalak, beraz, hau oso prozesu desberdina izan zen. Beste zuzendaritza lan bat eskatu zidan. Interesgarriagoa izan zen, nahiz eta lan gehiago ere eskatzen zuen.

Tabakaleran grabatu zenuten iazko udan, zer-nolako esperientzia izan zen?

Tabakalerak erosotasuna eman zigun. Zorte handia izan genuen. Izan ere, benetako etxe baten bila hasi ginen lana grabatzeko, baina gure aurrekontua oso txikia zen eta ezin genuen ez etxe bat alokatu, ez eta lagun baten etxean 20 pertsona sartu, fokuak, kamerak... Tabakalerak alde horretatik erosotasuna eman zigun; espazio zabalak ditu bertan grabatzeko, isiltasuna dago... Desabantailak ere bazituen, noski, espazioak hutsik baitzeuden eta horiek bete egin behar izan genituen etxe baten itxura emateko. Zuzendaritza artistikoaz arduratzen den jendeak sekulako lana egin zuen, eta mirari baten ondoren bi egunetan etxe oso bat itxuratzea lortu genuen. Jendearen ilusioarekin ia-ia guztia posible dela ikasi nuen horrela.

Limbusfilmaken babespean gidoia eta produkzioa Harkaitz Canorekin batera egin zenuen. Nola sortu zen elkarlan hau?

Plazer handia izan zen berarekin lan egitea. Aspalditik genuen horrelako zerbait egiteko asmoa, eta aparteko esperientzia izan zen. Pilota partida baten gisakoa izan zen lan egiteko modua. Lehenengo batek egoera bat proposatzen zuen edota pertsonaia baten marrazketa egiten zuen, eta gero besteak ideia hori hartu eta beste zerbait proposatzen zuen. Harkaitzek gainera elkarrizketak ere idatzi zituen. Nik fikziozko gidoiak egiten ez dut inolako esperientziarik eta, beraz, Harkaitzen lanak segurtasuna eman zidan. Gure artean badago halako lotura berezi bat, eta egiteko genuen zerbait zen lan hau. Lehen pausoa hauxe izan da, baina elkarrekin lanean jarraitzeko asmoa eta gogoa dugu. Limbusfilmak sortu genuen hau egiteko, eta aurrera begira ere honekin jarraituko dugu.

Baduzue, hortaz, lan berriren bat buruan? Film luzeren bat agian?

Badugu horretarako asmorik, baina oraingoz horixe da guztia, asmoa besterik ez. Aukeretako bat da film luzea egitea. Ideia jorratu ahal izateko dirulaguntzak eskatzen ari gara. Harkaitz Canorekin egingo dut, eta «Lo bakarrik»en ildoa jarraituko du; izan ere, film laburra egitean istorioak gehiagorako ere ematen zuela ohartu ginen. Eszena zein ideia interesgarri batzuk kendu egin behar izan genituen eta horiek berreskuratu nahi ditugu orain.

Azken ikasturte honetan Mondragon Unibertsitatean aritu zara dokumentalgintzako irakasle; irakasle ala zinemagile zara?

Zinemagintza ez da lanbide bat niretzat, ez baitut industria bizitzen. Zortzi urte eman nituen Bartzelonan eta hona itzultzean hemen gauzak egiteko modua badagoela ikusi dut. Ikaragarria da hemengo lan egiteko gogoa. Harrobia dugu, dirulaguntzak ere baditugu... Aukera ugari daude. Zinemagintza nire beharrak betetzeko modua da, batez ere, edo beste era batera esanda, bizitzari zentzua emateko modua. Hala eta guztiz ere, nahiko erritmo karibetarra dut, ez dut betebehar bat bezala ikusten, barruan dudana ateratzeko modu gisa baizik.

Bestalde, irakaskuntzaren aukera polita da. Joan den ikasturtean dokumentalgintza irakasten aritu naiz eta datorren ikasturtean ere jarraituko dut. Nire proiektuekin tartekatzen dudan lana da.

Rebeka CALVO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo