GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA | San Pedro eguna Irunen

Txirrindulari lasterketa, armen ikuskatzea, zuziak, fanfarreak eta askoz gehiago

Ekitaldiz betetako eguna izan zuten atzo irundarrek. gaurkoa ere ez da makala izango, eta horregatik, indarrak gordetzeko, kanpotarrentzat utzi zuten iluntzeko parranda. Hori kontatu ziguten behintzat herritarrek, gauero egiten dutela besta 29an izan ezik.

p020_f03.jpg

Maider IANTZI

28koa koadrilako afarien arratsa izan arren, atzo goizean ez ziren denak maindire tartean goxo-goxo geratu. Are gehiago, bazirudien herritarrek biharamuna bezpera bihurtzea lortu zutela.

Colon Pasealekura joan, eta jende pila bat ikusi genuen espaloitik errepidera begira, zuri-gorriz jantzita batzuk. Halako batean, motor bat pasatu zen ziztu bizian. Gero bertze bat. Eta gibeletik txirrindulari talde bat. Denak txaloka eta oihuka hasi ziren orduan, kirolariak animatzen. Zigor, txirrindulari arrasatearra, espaloian atseden hartzen ari zen dagoeneko. Lehiaketan parte hartzeko entrenatu baldin bazen ere, proba gogorra iruditu zitzaion eta ezin izan zuen ibilbidea bukatu. Bere lagun taldea atzean geratu zela eta kanporatu egin zituztela kontatu zigun. Hamar urte ziren ez zuela lasterketarik korritu. Ez zituen San Pedro eta San Martzial jaiak ezagutzen, hiria ere ez baina, hala ere, ez zuen aukera aprobetxatu eta parrandarik egin nahi. «Arrasate urrun geratzen da».

Irungo jaiekin lotura estua duen lasterketa bat korritu zuen Zigorrek: LXXXIX. San Pedro Proba-XVI. Irungo Txirrindulari Lasterketa Klasikoa. Antolatzaile lanetan ari zen lagun batek, Proko Gómez Irungo Txirrindulari Elkarteko presidenteak, jakinarazi zigunez, lehiaketa klasiko hau hazten ari da. Horren erakusgarri, aurten 130 txirrindularik eta 20 taldek parte hartu dutela azaldu zuen. Euskal Herritik kanpoko taldeak ere badira tartean; Txileko batek azken orduan eman zuen izena.

Palmaresari begiratzen badiogu, izen ezagun ugari ikusiko ditugu. Batzuk aipatzearren, 1995. urtean Ricardo Otxoak eskuratu zuen garaipena, eta 1998an Igor Astarloak.

Aurten aldaketa anitz egin dutela kontatu zigun Gómezek: irteera puntua aldatu dute, ibilbidea ere bai, kilometroak ere ez dira berak... Aldaketa horiek guztiak egiteko eta txapelketa aitzinera ateratzeko Club Megas Gipuzkoa motorzaleen elkartearekin lankidetzan aritu direla aipatu zigun, hagitz gustura aritu ere. Irun Kirol Patronatuaren lana ere ezinbestekoa izan dutela gaineratu zuen.

Gutxi gorabehera 126 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten kirolariek. Gainera, atzo maldarik gogorrenetik igo ziren Erlaitz mendira, Ibarlan barna (bertze urteetan Gurutzetik goititzen ziren). Aldaketa honekin lasterketa ikusgarriagoa eta gogorragoa egin nahi izan dute antolatzaileek.

Ehun urte baino gehiago

San Pedro Proba hau Estatu espainoleko txirrindulari lasterketa zaharrena dela ekarri zuen gogora Irungo Txirrindulari Elkarteko presidenteak. Lehiaketari buruzko dokumentu zaharrenak 1896ko ekainaren 28koak dira. Orduko argazki bat dute gordeta, zehazki. Beraz, ehun urte baino gehiago daramate irundarrek lasterketa hau antolatzen, tartean etenaldiak izan badira ere. «Jaietako klasiko bat da; alardea alde batera utzita, Irungo elementurik zaharrena», baieztatu zuen Proko Gómezek.

Joan den azaroan izendatu zuten Gómez elkarteko presidente, eta antolaketa batzorde berriko kideak hobetzeko eta Irungo klasikoa oraindik handiago egiteko gogoz eta ilusioz daude. «Jaiekin oso lotuta egon arren, ezezagun samarra da, eta gorantz egin dezan indarra egingo dugu. Hazten jarraitu nahi dugu, eta berritu».

Laguntzaile eta parte-hartzaile guztiek gosari berezia izan zuten atzo Ficobako bulegoan, Iñigo Lavadok prestatutakoa.

Gómezekin hitz egin eta berehala bukatu zen lasterketa, eta Ismael Esteban txirrindularia izan zen garaile. Baqueko kide hau hirugarren zihoan Erlaitzeko igoeran, helmugatik 14 kilometro eskasera, baina azken unean bi lagunak atzean utzi eta Colon Pasealekuko helmugara iristen lehendabizikoa izan zen.

Lasterketatik San Juan plaza ingurura joan ginen arropak eta bitxiak saltzen zituzten postuz betetako espaloietan barna. Arkupeetan, Irun Hiria musika banda San Pedro eguneko kontzertua ematen ari zen, eta adin guztietako lagunak ari ziren dantzan eta kantuan. Bertze batzuk poteoan zebiltzan lagunekin eta familiakoekin. Haietako batek orain dela urte batzuk egiten hasi ziren ekitaldi baten berri eman zigun: San Pedro egunean, gaueko hamarretan 600-700 irundar atera ohi dira kalera zuziak eskuan eta garaiko arropak jantzita 1522ko borrokan emakumeek eta haurrek jokatu zuten papera oroitzeko. Kontatu zigunez, apaiz bati ideia bat bururatu zitzaion etsaiak despistatzeko. Emakumeei eta haurrei zuziak eskuetan eta soinua ateraz errepidean barna ibiltzeko eskatu zien eta, hala, aurkariek laguntzaileak alde horretatik zetozela pentsatu zuten.

Banderak eta munizioa

San Pedro Egunean jasotzen dituzte konpainiek banderatxoak eta munizioa, eta armen ikuskatzea ere egiten dute auzoz auzo. Bertze ekitaldi garrantzitsu bat Meza Nagusia da. 10.30ean abiatu ziren udalbatzako kideak Juncaleko Andre Mariaren Elizara, txistularien banda, Irun Hiria musika banda eta Irungo Atsegiñako kankailu eta buruhandiak lagun zituztela. Mezan, parrokiako abesbatzak, hiriko bertze abesbatza batzuetako kideekin batera, Eslavaren «Tu es Petrus» interpretatu zuen, ohitura den bezala. Elizatik ateratzean, udalbatzak aurreskua dantzatu zion herriari Juncal plazan.

Eta gero familiarekin bazkaltzera. «28an koadrilarekin afaltzen dugu eta San Pedro eta San Martzial egunak, berriz, normalean senideekin pasatzen ditugu, nahiz eta bakoitzak jaia bere erara bizi duen», azaldu zigun herritar batek. Ez zuen gauean parranda egiteko asmorik, badakielako San Martzial eguna nekagarria dela eta indarrak gorde behar direla. Biharamuna bezpera bihurtu behar dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo