SEGA | Gipuzkoako txapelketa
Ormaetxeak iragarpenak bete eta txapela erdietsi du
Orendaingo segalaria zen irabazteko faborito, eta ez zuen hutsik egin. Amaieran 100 kilotik gorako aldea kendu zion Andoni Goikoetxeari. Horien atzetik sailkatu ziren Arteaga eta Aranalde
Jon LEUNDA | ZALDIBIA
Ez zen ezusterik izan atzo Zaldibian, eta Jexuxmari Ormaetxeak jantzi zuen Gipuzkoako txapela. Erabateko nagusitasuna erakutsi zuen Orendaingoak, eta merezita lortu zuen txapela.
250 ikusle inguru batu ziren Zaldibian finala zuzenean ikusteko asmoz. Segalariek zazpina sail zituzten prest ebakitzeko. Ormaetxea ez beste guztiak seigarren sailean ari ziren, eta Orendaingoa zazpigarrenean epaileak amaierako txistua jo zuenean.
Segalariak lanean hasi eta berehala bota zuten lehen saila. Ormaetxea zihoan aurretik, baina oso gertu izan zuen atzetik Aranalde, eta geroxeago amaitu zuten Goikoetxeak eta Arteagak. Bigarren sailaren amaieran, gauzak erabat aldatu ziren. Arteagak azkena jarraitzen zuen, baina Goikoetxeak lehen postua hartu zuen, Ormaetxeak bigarrena, eta Aranaldek hirugarrena. Laugarren sailetik aurrera, ordea, gauzak erabakitzen hasi ziren. Lehen postu horretan Ormaetxeak eta Goikoetxeak jarraitzen zuten lehian, baina azkenerako Orendaingoak koska kendu zion Gaztelukoari. Hirugarren postuan, ordea, Aranaldek behera egin zuen eta Arteagak aurrea hartu zion.
Amaieran, Ormaetxea izan zen txapeldun, 2.689 kilo belar moztuta. Bigarren, berriz, Goikoetxea izan zen, 2.594,5 kilo. Hirugarren, Arteaga, 2.553 kilo, eta azkena, berriz, Aranalde, 2.412,5 kilo moztuta.
Gabirondotarrak
Bestetik, herenegun jokatu zen Igorren Almitza elkarteak antolatzen duen nazioarteko erako Euskal Ligako hirugarren jardunaldia, eta berriro ere Gabirondotarrak izan ziren nagusi.
Emakumezkoetan, Marialuixa Gabirondok irabazi zuen 2.31ko denbora eginda, baina oso gertu izan zuen bigarren sailkatua, Garin, lau segundora sailkatu baitzen. Hirugarren, Mazkiarana izan zen 9 segundora.
Gizonezkoetan, berriz, Joxe Gabirondok erabateko nagusitasuna erakutsi zuen. Gaztelukoak, 2.58ko denboran amaitu zituen lanak, eta 21 segundoko aldea kendu zion Altzori, eta 23koa, berriz, Lizasori.