GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Zimbawe ez dago Eurokopan

Futbolak, botereen konplizitatearekin, erlijioak sakoneko arazoak apaltzeko eta ezkutatzeko zuen efektu bera lortu du. Kale bati «Calle de la madre que parió a Casillas» izena jartzen badiote..., en fin, zer esan!

Futbola gustuko izan ez arren, esfortzua egin behar izan duzu futboletik aparte bizitzeko eta horren inguruko berririk -zein lehiaketa burutu berri den, non eta nortzuk ibili diren lehian saria bereganatzeko- ez jakiteko.

Bitartean entzuten duzu ez dakit nongo herriko kale bati izena aldatu nahi diotela eta «Calle de la madre que parió a Casillas» deitzea proposatu dutela. Eta, noski, Casillas nor den galdetu duzu, eta galaxia batetik jausi berria bazina bezala begiratzen dizute aurpegira.

Egunotan prentsan irakurri duzu hainbat eta hainbat ume hiltzen direla segundoro, eta bostetik bik ez dutela kandelak itzaltzeko aukerarik izango beren bosgarren urtebetetzean. Ez bakarrik kandelarik eta tartarik eduki ez dutelako, urtebetetzerik ospatuko ez dutelako baizik, ordurako hilik egongo baitira.

Eta tartean, irrati-telebista entzunda badirudi eztabaida handiena honakoa dela: noren alde agertu behar duen futbolzaleak, politikoki zuzenena zer den, espainiarren alde edo alemanen alde azaltzea (azkenean jakin duzu -beharko!- zeintzuk jokalari aritu ziren korrika joko zelaian laurogeita hamar minutuz), baina ez da ikusten eztabaida antzua dela (nazionalismoen lehia gorabehera), eta komenigarria dela jakitea zein albiste estaltzen den futbolaren parafernaliaren azpian, eta nongo ezbeharra ari garen ahazten.

Egunotan Zimbaweko hauteskundeak izan dira, eta gaitzespen xumea eta apala izan du hedabideetan Robert Mugabe diktadoreak. Hautesleek botoa ematera behartuta joan behar izan dutela aipatu da, eta aurkari bakarrak erretiratu egin behar izan zuela mehatxuak zirela medio. Bitartean, Mugabek berriz estatuburu izatea lortu du boterean 28 urte egon ostean. Alta, Europaren aztergai nagusia hauxe da: zergatik jausi ziren hain goiz Frantzia eta Italia, eta azken emaitza Espainiaren meritua edo Alemaniaren desmeritua den. Eta Mugabe jaun eta jabe, harro, diktadore, % 100.000ko inflazioa duen herrian. Egunotan Zimbawen errodatzen ari den «pelikula» agian ikusi ahal izango dugu hamar urte barru pantaila handian, eta ohartuko gara zenbat ndebelek edo matabelek galdu zuten bizia 1980 eta 1987 urte artean (30.000 pertsonek gutxi gorabehera), edo ez ote den Gukurahundi berria gertatzen ari une honetan. Eta orduan inoren lotsa sentituko dugu. Beranduegi baina, milaka tutsi eta hutu moderaturentzat «Hotel Ruanda» pelikula begiztatu orduko beranduegi izan zen bezala.

Sesentaiotxista berantiarrok esaten genuen erlijio dela herriaren opioa, eta ahoa betetzen zitzaigun apostasiaz hitz egiten. Erlijioa hilda dagoenetik (Nietzschek jakinarazi zigun) edo barbaro berrientzat ikurra den unetik (musulmanentzat bakarrik du garrantzia arlo sozialean), erlijioak ez du balio anestesikorik mendebaldean. Futbolak, ordea, botereen konplizitatearekin, erlijioak sakoneko arazoak apaltzeko eta ezkutatzeko zuen efektu bera lortu du .

Kale bati «Calle de la madre que parió a Casillas» izena jartzen badiote..., en fin, zer esan!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo