Oier Lakuntza Iruñea
Iepa, ... naiz
Azkenaldian sarritan entzuten dira ezinduen gizarteratzean eman diren aurrerapausoak. Hala da, askoz gehiago ere egin bazitekeen ere. Dena den, ez naiz egin direnak eta egin behar ziratekeenak aipatuz orria betetzen hasiko. Hala ere, interesgarria da gizarteak ezinduokiko duen jarrera labur aztertzea. Orokorrean, jendeak laguntzeko joera izaten duela esango nuke, batzuetan lagundu nahi horretan astun jokatzearen beldurrak zalantzak sortzen baditu ere. Beste askotan, gabeziarik handiena noiz sentitzen dugun ez adierazteak eragiten ditu ustezko jarrera arduragabe horiek; guk argitu ezean, kasu askotan jendeak ezin baitezake nahi genukeen gisako jokaerarik har. Hutsune hori hein batean leuntzera datoz ondorengo lerro hauek.
Batzuetan hitzez eta besteetan eskua jasoz edo aurpegiera aldatuz eginiko keinuen bitartez, eguneroko bizitzan etengabeak dira «iepa!» edo «beste batean egongo gaituk» bezalako agur azkarrak. Maiztasun horrek berak askotan beren balioa gutxiestea ere eragiten du. Egia esan, gauza txikiak dira, eta agian norbaiti tontakeria ere irudituko zaio horrenbeste arazok inguratzen gaituzten bizitza honetan halako txikikerietan erreparatzea. Alta, era honetako gauzekin gertatu ohi den moduan, beren faltak uste baino hutsune handiagoa eragiten du berau nozitzen duenarengan. Horixe da lerro hauek idaztera bultzatu nauena.
Izan ere, maiz gertatu izan zait jendez inguraturik egon arren bakar antzean sentitzea. Halakoetan, hurbileko lagunen agurrekin konformatu behar izaten dut. Aitzitik, etengabean sumatzen ditut taldeko adiskideak goian aipaturikoen moduko agurrak egiten. Ea nor ziren galdetu, eta besterik gabeko «ezagun batzuk» erantzuna jaso ohi dut gehienetan.
Eskertzekoa litzateke, komunikazio mota azkar hau ikusmen ezak edo bestelako ezintasunen batek galarazten duen kasuetan, jendea hurbildu eta agurtzea. Era honetan, aukera izango genuke beste edonork izan ditzakeen harremanak (oso gertukoak ez izanda ere) izatea. Horretarako nahitaezkoa da maiz ezinduen aurrean jendeak izaten duen beldurra edo nola jokatu jakin eza gainditzea. Azken batean, jendearekin nola jokatu, harremana izaten hasten garen momentutik ikasten da, eta gure kasua, noski, ez da salbuespena.
Uda iritsi zaigularik, aipaturikoen gisako egoerak ugaritu egiten dira. Hortaz, une egokia izan daiteke hau, festa, parranda edo jendea erruz biltzen den kasuetan, itsuok, eta bestelako ezinduak ere, jendez inguraturik gaudenean, ezagunen hurbiltasunari esker erosoago senti gaitezen.