Globalizazioaren aurrean, erantzutea ez da nahikoa; alternatibak eraiki behar dira
Ekonomikoki garatuen dauden herrialdeetako agintarien goi-bilkurak, G8 izenaz ezagun direnak, garapena herrialde horiek eragindako bortxaz etenda dutenen protesten artean gauzatu ohi dira azkenaldian. Une batez eta toki zehatz batean bada ere, globalizazio basatiaren defendatzaileek internazionalismo samurraren -eta ez hain samurraren- ekintzaileen jazarpena jasan behar izaten dute. Era horretan, gutxi batzuen konfortaz harrotzen diren horiek askoren bultzadek eragindako deserosotasun uneak bizi izan dituzte Seattleetik, 1999an, gaurdaino.
Atzo, Bilbon, hurrengo G8ren goi-bilkuraren aurkako mobilizazioak aurkeztu zituzten. Orain arte globalizazioaren aurkako mugimenduak mobilizaziorako gaitasuna erakutsi du, sistema kapitalista eta neoliberalak herritarren artean sortzen duen ezinegonaren ispilu bihurtzeraino. Nolanahi ere, «beste mundu bat posible da» lelo komunaren azpian erortzen den giza-marea horretan, oso sentsibilitate desberdinak biltzen dira eta aniztasun horrek alternatibak eraikitzea asko zailtzen du. Horrexegatik, erantzun gaitasuna ez ezik, alternatiba errealak sortzeko gaitasuna bermatu behar da.