GARA > Idatzia > > Kultura

Irrealitatearen hatzaparretan erortzeko arriskua Artiumen

Arteak ez du su-etenik eskainiko uda partean. Artiumen artista gazteen lanak izango dute protagonismoa gaurtik irailaren 14 arte «Inguru Hurbilak 2008» erakusketan. Uharten, atzerriko esperientziek aseko dute arte gosez dagoena bihar irekiko den ziklo berriari esker.

Odeia AIESTARAN | DONOSTIA

Euskal Herriari hertsiki lotuta dauden artista gazteen lanak eta atzerriko esperientziak islatu nahi dituztenen obrak aurkitu ahal izango dira uda guztian zehar Gasteizko Artiumen eta Uharteko Arte Garaikideko zentro berrian. Sentsazioak islatzeko bi moduz, zein baino zein ederragoa, gozatzeko parada izango da. Inguratzen gaituen munduaren pertzepzioa islatu nahi dute denek; gazteek gertuko pertzepzioa, bai denboran bai distantzian; txikia agian, baina handia adierazpenean.

«Inguru Hurbilak 2008» deituriko erakusketak gaur irekiko ditu ateak Artiumen. Bertan, zortzi artista gazteren obrak ikusi ahal izango dira. Errealitatea ardatz hartuta artearen mundura murgiltzea ez da ezer konplexua izango; inertziaz jokatuz irrealitatearen hatzaparretan erortzea ere aise gerta liteke.

Indarrez betetako zortzi artista dira obren egileak. David Martinez Bizkaian bizi den asturiarra da. Collage eta ensamble batzuen bitartez egoera erreal batera hurbiltzen du ikuslea. Bere bizilekua oroituz, Asturiasko enpresa metalurgiko bateko langileek bizitako arazoak azaleratzen ditu bere obran. Hausnarketa autobiografikoa, aurretik galdua zegoen bataila eta borroka kementsua uztartuz.

Hurbileko sentsazio eta esperientziak dira gazteen eremu. Horrenbestez, ezin falta zitekeen egunero-egunero erabiltzen den tresna baten eragina: Ismael Iglesias bilbotarrak diseinu grafikoko eta digitaleko elementuekin osatu du bere bilduma. Arkitekturaren mugak ezbaian jartzen ditu bere pinturetan. Begiradarekin ia ezin jarrai daitezkeen lanak dira bereak; labirintotik barna zorrotz jarraitu behar zaio obra bakoitzari.

Bizitako esperientziak gogoratu eta azaleratu; horretan datza Alian M. Urrutia artistaren lanak. Margo eta ehunen bidez aurrez ezarritako elkartzeak eta momentukoak ezarriko ditu Artiumen. Sinpleak diren uneak eta lehen begiradan txikiak diren tarteak irudikatu ditu Urrutiak. Beren txikitasunean handiak diren momentuak dira horiek. Bestalde, errealitatearen eta irrealitatearen artean kokatzen gaitu Zigor Urrutia bilbotarrak. Paisaia hotzen irudiek agertoki hutsak adierazten dituzte; aktoreak desagertzen diren agertoki hutsak.

David Civico artista donostiarrak ausardiaz jokatzen du, hankaz gorako obra eginez. Behera begira egon beharko lukeena gora begira ezartzen du, ikusi beharko litzatekeena imajinatu egin behar da; mundua eta bere ingurua orain arte ezezaguna izan den beste ikuspegi batetik eraikitzen du autoreak. Uda guztian zehar izango dira lan ausart eta indartsu horiek denak ikusgai Gasteizen.

Arabatik Nafarroara, artearen ikuspuntu batetik bestera, egin behar dugu salto. Izan ere, erakusketa ziklo berri bat hastera doa Uharten. Bihar hasi eta irailaren 28ra arte lau gunetan banatuko dira atzerriko esperientziaz hitz egiten duten obrak.

«The New Normal» erakusketa izango da izarretako bat. Erakusketak Europan egingo duen lehen geldialdia da Uhartekoa. Udaberrian New Yorken estreinatu zen. Hamahiru artelan biltzen ditu eta denak 2001az geroztik eginak dira; izan ere, irailaren 11ko gertaeren bueltan egindakoak dira. Dorre Bikien aurkako erasoaren ondotik segurtasuna obsesio bilakatu zen. Hala, hainbat artistek momentu hori abiapuntu hartuta pribatutasunaren kontzeptua landu dute euren obratan. Artelan batzuk espazio pribatuei eta begi arrotzetatik babesteko gaitasunari buruzkoak dira. Beste batzuk, berriz, datu-atzemateari eta elkartrukeari erreparatzen diote.

Egungo arazo larriak ere gogora ekartzeko tokirik bada Uharten eta hala egiten du Keder Attia artista aljeriarrak. Ikusgai dauden bere lau obren bitartez, errekurtso energetikoak, erlijioa eta borroka geopolitikoak lantzen ditu. Atzerrian inspirazioa bilatu duen Ana Solerrek, bestalde, japoniar gizartearen kontraesanak azaltzen dituzten irudiak ekarriko ditu Uhartera «Eskatu Desio Bat» izena duen erakusketan.

UHARTE

«The New Normal» erakusketa izango da Enrique Ordoñezek gidatzen duen zentroko izarretako bat. Pribatutasunaren kontzeptuak irailaren 11ko erasoen ondoren izandako aldaketak erakusten ditu.

Fitxa

Artium (Gasteiz): «Inguru Hurbilak 2008», irailaren 14ra arte.

Huarte zentroa:

«The New Normal», Kader Attiaren lanak, «Eskatu desio bat» eta Veronica Eguaras eta Miguel Pueyoren lanak bihartik irailaren 28ra arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo