GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Disko jartzaile bat irakasle lanetan eta kezkaz beterik

Aritz SOUND SYSTEM | Kazetari eta musika adiktoa

Aurreko batean, lagun batek telefonoz dei egin eta hamar urteko gaztetxo talde baten aurrean musikaz hitz egitea proposatu zidan. Arreba irakasle duen ikastolan musikaren inguruko jardunaldi batzuk antolatu zituzten eta musikaren esparru desberdinetan ari den jendea gonbidatzea pentsatu zuten (niri dagokidanez disko jartzailearen ikuspegitik). Noiz edo noiz egin izan dut gaztetxoekin saiorik eta, egia esan, ez da erraza izaten hauen arreta mantentzea (talde handiak direnean, bereziki). Saio guztietan Zigor DZ izan dut lagun. Zigor Dz, Selektah Kolektiboa, Fermin Muguruza eta Esne Beltza taldeekin aritzen da eta Euskal Herriko (nik ezagutzen ditudanen artean, behintzat) scratch egile finena da. Saioaren hasieran, musika munduan nola hasi ginen eta gustukoak ditugun musikez hitz egiten dugu eta, ondoren, adibide batzuk jarrita, erabiltzen ditugun tresnekin jolasteko aukera ematen diegu gazteei. Egoeraren arabera, saio txikiren bat ere egin izan dugu amaieran. Oraingo honetan, ordea, proposamena berezia zen gazteen adina zela-eta. Horrek kezkatzen ninduen bereziki. Aurrekoetan hamahiru urtetik gorako gazteen aurrean egin dugu saioa, baina inoiz ez hamar urtekoen aurrean. Duela urte batzuk, adin hori zuten gazteen begirale izan nintzen bi urtez udalekuetan. Oso talde jatorra zen eta primeran pasatu genuen, baina musikaz hitz egiteko (guk egiten dugun bezala, behintzat) gazteegiak iruditzen zitzaizkidan. Noiz eta nola hasi behar da gaztetxoenekin musikaz hitz egiten? Nola azaldu modu ulergarrian dudan ikuspuntua adin horretako gazteei?

Nire burua adin horrekin gogoratzen saiatu nintzen. Ikastolan solfeoaren oinarrizko arauak (aspaldi ahaztu nituen) erakusten zizkiguten eta xirula jotzen genuela dut gogoan. Urte batzuk geroago, berriz, musika klasikoaz ere hitz egiten ziguten, baina inoiz ez geroago gure kabuz ezagutuko genuen musika munduaz. Zergatik ez? Hamar urteko gaztetxoekin egin beharreko saioan ez nuen ordubetez musikaren gaineko txapa aspergarria bota nahi. Zerbait arina izan behar zuen. Musika, hizkuntza den neurrian, ideiak eta sentimenduak adierazteko tresna paregabea dela azaldu nahi genien, eta hitza eta esaldiekin batera doinuak erabiltzen direla, hizkuntzen mugen gainetik, ulergarriagoa, erakargarriagoa eta sentikorragoa egiteko. Horixe hasierako asmoa. Saioak eman zuena, berriz, hurrengo zutabean.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo