Lakuako dekretuak burrunba sortzen duen bitartean, saltokietan oraindik «en castellano, por favor»
Jendez lepo dabiltza egunotan saltoki asko, udako merkealdien sasoia baita. Asaldatuta, berriz, beste batzuk zer eta Lakuak saltoki eta enpresetan, «handietan bakarrik» zerbitzua euskaraz ere eman dadin bultzatzeko dekretu bat onartu duelako. Saltoki handietan, bien bitartean, lehen hitzak betikoa izaten jarraitzen du: «¿Sí?»
Maider EIZMENDI
Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Patxi Baztarrikak, atzo jakitera eman zituen kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen gainean herenegun onartu zuten dekretuaren xehetasunak, eta honek «zerbitzu alorreko saltoki handiei bakarrik eragingo» diela zehaztu zuen.
Zehazki, onartu berri den arau hau ondorengoek bete beharko dute: 250 langile baino gehiago eta 50 milioi eurotik gorako negozioa duten enpresek; 400 metroko azalera baino handiagoa duten enpresek; eta jendeari harrera egiten dioten eta 15 langile baino gehiago dituzten komertzioek. Lau urteren buruan euren zerbitzua gaztelaniaz eta euskaraz eman beharko dute, eta euskaraz eskaini beharko dituzte informazio orriak ere, inprimakiak, fakturak. Megafonia bidez ematen diren mezuak ere gaztelaniaz ez ezik, euskaraz ere eman beharko dituzte. Hori egiteko Lakuak urtero 600.000 euroko dirulaguntzak emango dituela iragarri zuten agerraldian.
Arau honetatik kanpo geratu dira saltoki eta enpresa txikiagoak: «Ez dugu etxe azpiko okindegiaz edo tabernaz hitz egiten», argitu zuen Lakuako ordezkariak. Horiek ez dute derrigorrez bete beharko dekretua, baina neurriak hartuz gero, noski, guztiontzako mesede.
Egungo egoera ezagutzeko eta euskarak zer-nolako tratua jasotzen duen jakiteko, GARA udako merkealdietan bete-betean sartuta dauden Donostiako saltokietan izan da. Ondorioa honakoa da: zerbitzua euskaraz edota gaztelaniaz jasotzea zorte kontua dela.
Euskaraz galdetu, gaztelaniaz erantzun
Kasurik gehienetan saltzaileek, euskaraz eginez gero, ulertu ulertzen dute zer eskatzen ari zaren edota zein informazio behar duzun; ez da beti, ordea, erantzun bera jasotzen. Zenbaitek argibideak euskaraz eskaintzen dituzte; beste batzuek, ordea, euskaraz galdetuta ere gaztelaniaz erantzuten dute: «Sí, pues ese tipo de pantalones están ahí al final» erantzuten digute, galtza beltz laburrak ba al dauden eta non galdetuta.
Gutxienekoak dira, behintzat Donostian, baina oraindik tartean bada «en castellano, por favor» erantzuten duen saltzailerik, euskaraz halakoa edo bestelakoa non dagoen galdetuta.
Bista-bistakoa da gaztelania dela saltoki handietan hizkuntza nagusia, sartu eta arreta jartzea nahikoa da horretaz jabetzeko. Saltzaileek gaztelaniaz egiten diete erosleei lehen hitzetik, hau da, begiratu eta «¿sí?» galdegiten dute berehala. Erosleak ere lehen hitzetik gaztelaniaz egiten die saltzaileei kasu askotan. Kuriosoa da instant bat lehenago lagunarekin euskara jatorrean ari direnak saltzaileari gaztelaniaz egiten entzutea. Akaso, ohitura kontua izango da, edota jendea gauzak bitan errepikatzeaz nazkatuta dagoenaren seinale.
Legea betetzen ez dutenen enpresek eta saltokiek isunak jasoko dituztela adierazi zuten Lakuako ordezkariek. Ez zuten zenbateko zehatzik eman, baina isun horiek ez zutela «500 euroko muga pasako» nabarmendu zuten.
Lakuako ordezkarien agerraldian erakutsitako epeltasunak, dagoeneko batetik eta bestetik iritsitako kritikei erantzun nahi die. Bizkaiko PPko presidenteak, Antonio Basagoitik, esate baterako, dekretua «faxismo garbia» dela esan zuen atzo. Askatasunaren aurkako jo zuen araua, eta hizkuntza eskubideak baino «lan eskubideak eta komunikatzea garrantzitsuago» direla adierazi zuen. Areago jo du, gainera, eta herritarrentzat gaztelaniaz eta ingelesez hitz egitea egunetik egunera garrantzitsuagoa izango dela esan zuen. Ohi bezala, batzuentzat gehiegizkoa dena, beste batzuentzat, berriz, murritzegi gertatu da.