Tsvangirai Zimbaweko batasun nazionaleko gobernuko lehen ministroa izatea exijitu du EBk
Europako Komisioak Morgan Tsvangirai batasun nazionaleko gobernuko «lehen ministroa edo gobernuburua» izatea exijitu die Zimbaweko agintariei. Oposizioko buruzagiak, aldiz, Robert Mugaberen errejimenarekin batasun nazionaleko gobernua osatzea baztertu du.
GARA |
Zimbaweko krisi politikoari irtenbidea emateko Afrikako Batasunak (AB) Robert Mugabe presidentearen errejimenarekin batasun nazionaleko Gobernua osatzeko negoziazioaren alde egindako deialdia baztertu du Morgan Tsvangiraik, Zimbaweko oposizioko buruzagiak. Atzo bertan, Europar Batasunak (EB) Tsvangirai gobernu berri horren lehen ministroa izatea exijitu zuen eta bere babes osoa eskaini zion ABri gobernu hori osatzeko egiten ari den ahaleginetan.
Mugaberen Gobernua, aldiz, krisiari aurre egiteko Tsvangirairen MDCrekin eta gainontzeko alderdiekin elkarrizketak izateko prest agertu zen. Duela hamar egun, oposizioak ez duela «inoiz» Zimbawe gobernatuko nabarmendu zuen Mugabek.
Tsvangirai oposizioko buruzagiak esan zuenez, Zimbawek bizi duen egoera «desegokia» da batasun nazionaleko gobernu baten aldeko negoziazioa hasteko eta «trantsizioko gobernu» baten alde egin zuen. «Batasun nazionaleko gobernu batek ez ditu zimbawetarren arazoak konponduko eta, gainera, ez du herriaren borondatea aintzat hartzen», azpimarratu zuen.
Negoziazioak abian jartzeko, baldintza bat jarri zuen Tsvangiraik: martxoaren 29ko lehendakaritzarako hauteskundeen lehen itzuliko emaitzak onartzea. Orduan, bere alderdiak bozen %47a jaso zuen. Bigarren itzulia ekainaren 28an egin zen, baina hautagai bakarra Mugabe izan zen, egun batzuk lehenago oposizioko buruak bere zerrenda bertan behera utzi baitzuen.
Tsvangirairentzat negoziazioaren xedea ez da nazio batasuneko gobernua osatzea, hauteskunde berri batzuetara begira trantsizio epea zabaltzea baizik. Ez hori bakarrik, hitz egiteko bere jarraitzaileen kontrako erasoak bertan behera gelditzea exijitu zuen. Era berean, ABri eskatu dio mandatari bat bidal diezaiola Hegoafrikako presidenteari, Thabo Mbekiri, bitartekaritza lanetan laguntza eman dezan.
Bruselak Europar Batasuneko estatu kide bakoitzaren esku utzi du Robert Mugaberen errejimenaren kontrako zigorrak gogortzea edo ez erabakitzea.