Uztaileko gauak berotzeko, «ostiral musikalak» Bergarako Espoloi plazan
A. B. | BILBO
Atzo prentsaurrekoan iragarri zutenez, musika beltza, jazz eta blues doinuak entzuteko parada izango da Bergaran aurten ere. Udalak Zuhaizti tabernaren laguntzarekin antolatutako «Ostiral Musikalak» Espoloi plaza izango dute kokaleku eta doanekoak izango dira.
Guztira lau kontzertu entzun ahal izango dira, 22.30etik aurrera, uztaileko lau ostiraletan, bihar bertan Phonk Clubbin´ Criminals taldearekin hasita.
Datorren ostiralean, uztailaren 11n, J. J. Band-en txanda izango da. Flamenkoa eta jazza uztartzen ditu artista handiekin jo duen andaluziar baxu-jotzailearen taldeak eta «Tangos de Lavapiés» da aurkezgai duten lana. Uztailaren 18an, berriz, Jose Luis Pardo argentinarra hurbilduko da Bergarara, The Mojo Workers taldekideekin batera. Gitarra-jotzaile gazteak eskarmentua lortu du mundu erdiko oholtzetan eta «That s right» du lan berria.
Azken saioa Terela Gradin galiziarrak eskainiko du uztailaren 25ean, Gem izeneko hirukotearekin. Jazz estandarrak (Miles Davis, Wayne Shorter...) eta egungo pop izarren (Sting, Radiohead) kantak kantatzen ohitua, bere sorkuntza ere garatu du orain arte «Lost» eta «Pascala» diskoak argitaratu dituen emakumeak.
Lehenengoa, bihar bertan
Bihar, uztailak 4, Phonk Clubbin' Criminals taldeak irekiko du udako kontzertu sorta. Gasteizen sortua eta eskarmentu handiko musikariz osatua, taldeak doinu beroak jorratzen ditu, soul eta funketik hasi eta elektronika eta jazz arte. Tadea Virginia (ahotsa) eta Nando (teklatuak) de la Casa anai-arrebek, Parrucho disko jartzaileak eta Danilo Foronda baxu-jotzaileak osatuta dago.