GARA > Idatzia > > Kultura

Dezimak ba al du lekurik bertsolaritzan? Non dago muga?

Demagun Jon Maia gitarra eskuan ateratzen dela oholtzara kartzelako lanak betetzera. Ekarpena litzateke? Nola erantzunen lukete entzuleek? Bertsolaritza munduko inprobisazio-esperientzietatik edaten hasi den honetan, muga non dagoen aztertu dute UEUko ikastaroetan.

p044_f01_111x111.jpg

Maider IANTZI | EIBAR

«Egokia al da dezima txapelketan erabiltzea?», galdetu zien Martin Aramendik Udako Euskal Unibertsitateak Eibarko Markeskoa Jauregian antolatutako Bertsolantegian bildu ziren lagunei. Jexux Mari Irazuk hala erantzun zion kazetari ataundarrari: txapelketak arau batzuk ditu, baina arau horiek hautsi daitezke, eta hausten dira. Horretarako aske dira bertsolariak, egiten dutenak logika baldin badu. Jon Martinentzat ez du eragozpenik ekartzen bertsolaritza bertze inprobisazio-esperientzietatik elikatzeak. Eta, kontatu zuenez, dezima kantatu zuenean, erabiltzeko modua baino, erabiltzea bera izan zen garrantzitsua. Habanera aukeratu zuen, eta jende askok aipatu dio horrek esperimentua zaildu zuela. «Niretzat kontrakoa gertatu zen: errazagoa izan zen belarriarentzat, egitura antzekoa zelako», adierazi zuen oiartzuarrak. Modu intuitiboan iritsi zen dezima-habanera kantatzera, ez zen anitz pentsatutako erabakia izan. «Oso barruan nuen gogoa, ez orduan, lehenagotik».

Baina, ona da dezima lehenbiziko aldiz txapelketan plazaratzea? Martinek ez daki. Kontua da plazetan-eta oso mingainetik gertu eduki zuela, baina ez zuela bere burua prest ikusi lehiaketa ailegatu zen arte.

Hori bertsoa da? Balio du?

Epaile lanetan aritzen den Mikel Aizpuruak aitortu zuenez, Jon Martinen dezima-habanera lehenbiziko aldiz aditu zuenean itsusia iruditu zitzaion, haustura bat ikusi zuen, deskolokatu egin zuen, eta ez zitzaion gustatu horregatik. Doinu berri batekin egin izan balu, beharbada gogokoago izanen luke.

Azalpen horiek ematen ari zela, galdera bat sortu zitzaion Aizpuruari: zer da bertsoa? Bere iritziz, bertsoak gutxienez sail bereko lau errima izan behar ditu. Martinek abestutakoak badauka hori.

Hortaz, dezimak badu lekua txapelketan. Zer da egin behar ez dena, ordea? Irazuren aburuz, ez dago formularik. Ausardia eskertzekoa da, baina funtzionatu dezake ala ez. Bertsolari batek apustua egiten duenean, esperimentuak bidea egin dezake eta ekarpen bihurtu. Baliteke ekarpen baten hazia ereitea ere, eta ibilbide laburragoa izatea. «Zaila da ekarpena zer den erabakitzea, pauso horrek ekartzen duen bidea baita», laburtu zuen larrauldarrak.

Mikel Aizpuruak zera proposatu zuen: aldatu behar ez dena zehaztea. Hau da, «bat-batekotasuna, borroka dialektikoa, hitz neurtua, kantu hutsa izatea, musika tresnarik gabe, eta sail bereko lau errima edukitzea gutxienez». Horiexek lirateke, Aizpuruaren iritziz, bertsoa bertso izan dadin aldatu behar ez diren ezaugarriak.

Ikasle bat ez zen ados agertu kontzeptu batekin: sail bereko lau errima ez dituzten bertsoak ere badirela ziurtatu zuen. «Seguidilla bertsoa litzateke eta seiko txikia kopla da», azaldu zuen. «Ez nago ados. Edukiak egiten du kopla», zuzendu zion Martin Aramendik.

Jon Martinek zaku zabal bat bezala ulertzen du bertsoa, eta zaku horretan ia dena sar daiteke bere ustez. Lan errimatua izan behar da, baita neurtua ere, baina bat-batekotasuna ez du ezinbertzekotzat jotzen Martinek (idatzizkoa ez da bat-batekoa), eta kantatua izatea ere ez. Gakoa batez ere erriman eta neurrian dagoela deritzo bertsolari oiartzuarrak.

Zentsura gure buruari edukian eta forman

Jon Martinen ustez, bertsolariak jartzen du muga, etengabe bere burua zentsuratuz, edukian eta, askotan, forman. «Zergatik ez publiko artean kantatu?», bota zuen. Orain arte ez zaio bururatu, baina jenialtasun handiena izan daitekeela pentsatzen du eta, beraz, ez luke hor mugarik jarriko. Baliabide batzuk daude hitzartuta, eta baliabide horiekin egiten dena onargarria dela deritzo. Adibidez, bertsoa bota aurretik 15 minutu pentsatzen egotea onargarria da gero bertsoak perfektuak izan arren? «Kuriosoa izango litzateke txapelketa denborak aldatuta egitea, hau da, batean gaia esan eta segidan hastea, edo txalo jo eta berehala. Bestean, berriz, bost minutura. Baliteke ezustekoa hartzea eta txapeldunak desberdinak izatea. Guk erdibidea aukeratu dugu, tradizioz datorkiguna», agertu zuen.

Mikel Aizpuruak azaldu zuenez, kartzelan denbora gehiago behar da, gaiak konplikatuagoak direlako. Ofiziotan, ordea, jendeak bertso freskoagoak nahiago dituela erran zuen ikasle batek, tartean ez deskonektatzeko eta tentsio puntuari eusteko. M. I.

BALDINTZA BERAK

Jexux Mari Irazurentzat gauza bat da garrantzitsua: txapelketak bertsolariak baldintza beretan aritzea bermatu behar du. Parte hartzen dutenek (bertsolariek eta publikoak) jakin behar dute zein ariketa neurtuko dituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo