GARA > Idatzia > Kultura > Musika

R.E.M. eta The Police poparen izarrak Bilbon, betirako nerabe

Orain bi urte jaio, iazkoan eztanda egin eta hemen da beste behin Bilbao BBK Live jaialdia, izenean daraman hiriaren sonari erantzun eta mundu mailako pop izar distiratsuak bertaratzea lortu duen musika ekitaldia. Iaz bi asteburutan ehun milatik gora lagun elkartu zituen jaialdiak asteburu bakarrean beste horrenbeste espero ditu aurten, The Police (bihar) eta R.E.M. (larunbata) taldeen erakartze indarra baliatuta. Eta igandean, bukatzeko, festa Madness-ekin.

p046_f01.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Bilbori ere udako musika jaialdi erraldoia eskaintzea otu zitzaion orain bi urte, eta baita egitasmoa gauzatu ere. Udalaren oniritzia eta azpiegitura erabiliz, eta BBK kutxak eskainitako sosei esker, munduko pop rock ikono distiratsuenen geltoki bihurtu da Bizkaiko hiriburua.

Etxebizitzak erosteko eskaintzen dituzten kredituak ordaindu ezin dituzten gazteen aisialdirako babesten du diruz jaialdia BBK kutxak, eta aurki kredituak ere eskatu beharko ditugu jaialdirako sarrerak erosteko, salneurriak ikusita. Hitz jokoa edo zorakeria dirudi, bai, baina zurrunbilo honetan sartuta gabiltza guztiok eta milaka izango dira aurten ere Kobetamendira bidea apal-apal egingo duten musikazaleak.

Zazpi milioi euro inguruko aurrekontuarekin, jaialdiak orain arte erabili duen antolakuntza eta azpiegitura bikaina profitatuko du aurten ere hiru egunez eta txandaka bi agertokitan hogei taldetik gora ager daitezen. Jaialdiari etxeko bi taldek emango diote hasiera ostiralean zein larunbatean. Gari ostiralean arituko da, euskaraz. Eskarmentu handiko artista, «Esperantzara kondenatua» aurkeztuko du. Gazteagoa da Dynamo, E-Gaztea lehiaketan jaialdian jotzeko saria lortu eta egun debut lana grabatzen ari den getxoztar laukotea.

Legazpiarraren ostean The Gift-en txanda izango da. Portugalgo laukote modernoa aurtengo neguan Bilboko Wintercase jaialdian izan zen eta ospea lortzen ari da. Beste horrenbeste ezan daiteke The Raveonettes taldeaz ere. Danimarkako neska-mutil bikoteak laugarren lana du «Lust, lust, lust», ohiko hitz ilun eta rock zuzenaz egina. Ondoren, trip hop eta soul doinuak nahasten dituen Morcheeba talde interesgarria. Godfrey anaien gidaritzapean, aurtengo «Dive Deep» da britainiarren azken lana. Gauak eguna ilundu aurretik joko du The Dandy Warhols-ek ere. Jada hamar urte errepidean, dagoeneko goi mailako taldeekin jotzera ohitua den Oregongo boskoteak «...Earth To The Dandy Warhols...» argitaratuko du aurki. Iluntasunarekin batera gaua serio jarriko da The Charlatans eta Fancy-rekin. Lehenengoek «britainiar poliziaren» aurretik astinduko dute oholtza, eta bigarrenek, berriz, gero, egun luzeari bukaera emateko. Kasik orain hogei urte sortu zen The Charlatans taldeak aurtengo «You Cross My Path» du azken lana, Manchesterko doinua eredu. Eta gau ilunean murgiltzeko, Jessie Chaton-ek gidatzen duen Parisko Fancy talde zoro eta ikusgarria.

Larunbatari ere gainbegiratua emango diogu. Dynamo-k piztuko duen argiari Krakovia espainiar seikoteak emango dio segida eta abiadura «Road Movie» estreinako lanarekin. Hurrengo bi taldeek, Toledoko The Sunday Drivers eta Leeds hiriko The Pigeon Detectives-ek, azken orduan jakinarazi dutenez, joko ez duten The Wombats eta Hotel Persona ordezkatuko dituzte. Azken hirukotearen aurretik, The Fratellis eskoziar talde sortu berria, oraintsu «Here We Stand» bigarren lana kaleratu duena.

Larunbata itxiko duen hirukotea ere ez da ez makala. R.E.M. izarren aurretik, Lenny Kravitz kantari cool-ak joko du, eta ondoren The Prodigy hirukote indartsuak. Berrogeita lau urteko kantari beltz sexyak «It is time for a love revolution» gozoa ekarriko du eta soinu garratz eta elektronikoetan maisu den talde britainiarrak indartsu itxiko du larunbata. Eta oraindik igande osoa izango dugu gozatzeko. Izan ere, eta aurreko egunetako izarrak bezain sonatuak izan ez arren, goi mailako taldez josita dago igandeko eskaintza, jai giro bikainean jaialdia amaitzeko aproposak, oraindik musikarien hezurrak sendo badira, bederen.

Oso-osorik bigarren oholtzan ospatuko da eguna, guztietan gazteena, Quique Gonzalez madrildarrarengandik hasita. The Blues Brothers bikote zoroa gero, hamar urtean disko berririk atera ez arren bazterrak nahasteko aproposa. Rockzalea da hurrengo hirukotea. Riders On The Storm Ray Manzarek-ek eta Robby Krieger-ek sortutako taldea da, The Doors mitikoen erdiak, gitarra eta teklatu jotzaileak, hain zuzen ere. ZZ Top, 70eko hamarkadan sortutako Texasko bizardunen taldeak ere rockaren historia zati bat darama bizkarrean, eta beste horrenbeste hogeita bost urtez isilpean egon ostean berriro oholtzara igoko den Ariel Rot eta Alejo Stivel-en Tequila taldeak. Aurtengo jaialdia Madness ska taldeak itxiko du festa giroan eta, lehengo abiadura mantentzen badu, arnasestuka jarriko gaitu.

Beti nerabe

Beste inoren beharrik gabe, ikus-entzuleen ehuneko handi bat beraien kabuz erakartzeko The Police eta R.E.M. taldeek aparteko tokia beharko lukete, herri musikan izan duten eragina dela-eta. Britainiarrek orain dela hogeita hamar urte plazaratu zuten lehenengo lana eta bueltan dira, ospakizunetan, nerabezarora itzuli nahian. Bilbora gaur heltzekoak dira, 80 laguneko lan taldea eta, R.E.M. eta Kravitz bezala, sukaldari eta guzti.

Estatubatuarrek ere berriro rock doinu zuzen eta grinatsuetara itzuli eta «beti gazte» mantendu nahi izan dute taldea oraingoan «Accelerate» plazaratuta. Musikazale batek baino gehiagok ametsa beteko du bi hauen ikuskizuna zuzenean ikusita. Gogoratu oholtza nagusietako zuzenekoez gainera karpan disko jartzaileak arituko direla (baita We are Standard eta The Blow taldeak ere) 07.00etan «nahikoa da!» oihukatu arte. Bestalde, eguraldia ere garrantzitsua izaten da horrelako ekitaldietan eta, iragarri dutenez, zeruak polito eutsiko dio giroari, ostiral gauean euria egin dezakeen arren.

Fitxa

Data: Bihar, uztailak 3, hasi eta igandea, uztailak 5, bitartean.

Lekua: Kobetamendi (Bilbo).

Ate irekitzea: 16.00etan.

Sarrera: Ostirala edo larunbata 72 euro, eta igandea 50 euro. Hiru eguneko txartela, 165 euro.

Bertaratzea: Autobusak doan BEC (Barakaldo) eta Termibusetik (Bilbo). Taxiz edo oinez ere igo eta jaits daiteke.

Aparkalekua: BECen (Barakaldo), 2.700 autorentzat tokia (5 euro).

Akanpatzeko gunea:

Hiru eguneko txartelarekin doan, gaur eguerditik igande eguerdira.

Informazio gehiago: <www.bilbaobbklive.com>.

OSTIRALA

Bigarren agertokian, Gari 16.30ean, The Gift 17.20ean, Morcheeba 19.15ean, The Charlatans 21.40ean eta Fancy 01.25ean. Agertoki nagusian, The Raveonettes 18.15ean, The Dandy Warhols 20.25ean eta The Police 23.30ean.

LARUNBATA

Bigarren agertokian, Dynamo 16.30ean, Pigeon Detectives 18.10ean, The Fratellis 20.10ean eta The Prodigy 01.20ean. Agertoki nagusian, Krakovia 17.20ean, The Sunday Drivers 19.05ean, Lenny Kravitz 21.25ean eta R.E.M. 23.40ean.

Un festival que mantiene el esquema de la edición anterior al repetir emplazamiento e infraestructura

Al festival, casi idéntico al de ediciones anteriores en emplazamiento e infraestructura, se podrá acceder únicamente en taxi o en los autobuses que fletará la organización desde el BEC o desde la antigua feria de muestras (tras el estadio de San Mamés). Además, a partir de las 19.30, los autobuses subirán solamente hasta Beyena, a diez minutos del recinto festivo. Es también recomendable la opción de acceder -o, mucho mejor, descender- a Kobetas a pie, tras un paseo bien señalizado de unos 30 minutos. En cuanto a los horarios, el recinto festivo se abrirá diariamente a las 16.00, media hora antes del inicio de los conciertos. Las actuaciones estelares comenzarán poco antes de medianoche, a las 23.30 del viernes The Police y a las 23.40 del sábado R.E.M. El domingo, con seis bandas, se desarrollará íntegramente en el escenario secundario. El bono de tres días, a canjear por una pulsera, da derecho a entrar y salir del recinto y posibilidad de acampar desde las 12.00 de hoy hasta las 14.00 del lunes día 7. Con las entradas diarias, por el contrario, no se dispondrá de pulsera y una vez abandonado el recinto no se podrá volver a acceder al festival. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo