Lau eta erdiko San Fermin Torneoa
Olaizolatarren arteko lehia hilabete beranduago iritsi da
Asierrek eta Aimarrek finalerdi interesgarria jokatuko dute gaur Etxebarrian
Asier AIESTARAN | LEKUA
Oraindik gogoan izango du batek baino gehiagok Buruz Buruko Txapelketaren azken txanpan Olaizola anaien arteko balizko finalerdiak zenbat hauts harrotu zituen. Oinatz Bengoetxea arduratu zen orduko hartan olaizolatarren arteko lehia bertan behera uzten. Oraingoan, ordea, goizuetarrek lortu dute leitzarra kanporatzea -Asierrek aurreko astean- eta beraien artean indarrak neurtzeko aukera izango dute gaur Lau eta Erdiko San Fermin Torneoaren finalerdian Etxebarriako frontoian (18.15, Tele5).
Lehiaketa aldrebes samarra suertatzen ari da nafarren artekoa. Julen Retegik Asier Olaizola kanporatu zuen lehen txandan, baina eskuko minak behartuta final-laurdenei uko egin behar izan zien Retegi gazteak. Olaizola I.ak hartu zuen haren lekua eta Oinatz kanporatzea lortu zuen partida estu batean. Asperen aldetik, bestalde, Irujok ere eskuin eskua minduta du, eta bertan behera utzi du bere parte-hartzea. Barriola, beraz, aurre-kanporaketarik jokatu gabe sartu da final nagusian eta gaur jakingo du nor izango den bere aurkaria astelehenean.
Aimar faborito, baina...
Batak eta besteak lau eta erdian duten palmaresa begiratuta, anaietan gazteena jo beharko dugu faborito noski, baina Asierrek aurreko astean jokatutako norgehiagoka txapela kentzekoa izan zen. Beti bezala, sake dezente utzi zituen eraman gabe -zortzi guztira-, baina gainerakoan oso txukun aritu zen, batez ere erasoko jokoan.
Aimar ere sasoi onean iritsiko da gaurko lehiara, baina kaiola barruan askoz ere gutxiago jarrita. Binaka, asteartean garaipen ona eskuratu zuen Irunen Oier Mendizabalekin.