Aranbarrik eta Ruiz Zafonek Zilarrezko Euskadi sariak jasota, abian da Donostiako Liburu Azoka
Gipuzkoa plazan jarritako berrogei postuak irekiz eta Zilarrezko Euskadi sariak emanez abiatu zen atzo Donostiako XXXIII. Liburu eta Disko Azoka. Hilaren 13a arte, azken nobedadeak %10 merkeago erosteko aukera.
Martin ANSO | DONOSTIA
Apirilaren 23an, Liburuaren Egunaren aitzakian, Gipuzkoa plazan egin ohi den azokan gehien saltzen diren liburuen egileei Zilarrezko Euskadi sariak ematen dizkie Gipuzkoako Liburu saltzaileen Elkarteak. Aurtengo salduenak Iñigo Aranbarriren «Zulo bat uretan» (Susa) eta Carlos Ruiz Zafonen «El juego del angel» (Planeta) izan ziren.
Atzo, berriz, uda hasieran egin ohi den azokaren lehen egunean, sari banaketa ekitaldia izan zen. Aranbarri bertan izan zen; ez, ordea, Ruiz Zafon, Emili Rosales editoreak jaso zuen saria bere ordez.
«Zulo bat uretan»-i eta «El juego del angel»-i, hurrenez hurren, Andoni Arantzegik eta Alberto Martínez Aranberrik, egin zieten gorazarre. Liburu saltzaileen lehendakaria da Arantzegi, eta saria babesten duen Kutxakoa, berriz, Martínez Aranberri.
Iñigo Aranbarrik saria eskertu zuen. Halere, era dotorean baina, zera eskatu zien liburusaltzaileei: «Ez iezaiozue gehiago idazle bati berea liburu salduena izateagatik saririk eman».
Rosalesek, berriz, «El juego del angel» Ruiz Zafonen aurreko nobela, «La sombra del viento», bezain arrakastasua izango dela iragarri zuen. «Baina ibilbide oparoa izan arren, beti akordatuko gara lehen saria Gipuzkoatik iritsi zela», gaineratu zuen.
Gaur, 12.00etan eta 18.30ean, hainbat idazle egongo dira azokan liburuak izenpetzen, horien artean, Toti Martínez de Lezea, Juan Ramón Makuso, José Luis Urrutia eta Castillo Suárez.