GARA > Idatzia > > Kultura

Lowryren «Sumendiaren azpian» eta Malrauxen «Esperantza», euskaraz


Martin ANSO | DONOSTIA

André Malrauxen «Esperantza» eta Malcom Lowryren «Sumendiaren azpian» itzuli dituzte Karlos Zabalak eta Karlos del Olmok, hurrenez hurren. «Literatura Unibertsala» bildumaren 136. eta 137. zenbakiak dira liburuok, eta atzo aurkeztu zituzten, Donostiako Azokan.

«Malrauxek -esan zuen Zabalak- bi eleberri handi idatzi omen zituen: bata, bere bizitza bera; bestea, berriz, `L'Espoire'». Lehenengoa gurera nonbait ekarri ezinean, bigarrena ekarri du, «Esperantza» bihurtuta.

«`Esperantza'k -gogoratu zuen- Espainiako Gerra du ardatz». Izan ere, militarrak altxa bezain pronto, Gallimard argitaletxean zuen lan erosoa utzi eta Madrilera jo zuen Malrauxek. Ordurako, ospe handiko idazlea zen. Hegazkin talde bat antolatu, nahiz eta berak pilotatzen ez jakin, eta hura zuzentzen jardun zuen harik eta hegazkinik gabe geratu zen arte. Orduan, Gobernuak Kanadara eta AEBetara bidali zuen, Errepublikaren aldeko sostengua sustatze aldera. Europara bueltan zekarren itsasontzian bertan idatzi zuen «Esperantza», bere esperientzian oinarrituta. 1937an argitaratu zen.

«Urgentziazko obra bat da, militantea, baina ez manikeoa», nabarmendu zuen Zabalak. Egitura eta estilo aldetik, berriz, «orijinala eta bizi-bizia» dela gaineratu zuen.

Mexikon, Defuntu Egunean

John Hustonek zinemara eraman zuen «Sumendiaren azpian», berriz, Lowryren obra nagusi eta ia bakarra da. Mexikoko hiri asmatu batean girotuta dago, Defuntu Egunean. Mozkorti baten eldarnio alkoholiko etengabe bat da eleberria, delirium tremens zer zen ederki ezagutzen zuen Lowryk idatzia.

Testuaren konplexutasuna dela-eta, nobela hau maiz Joyce-n «Ulises»-en pare jarri dutela ohartarazi zuen Karlos del Olmok, eta euskaratzeak sekulako lana eman diola aitortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo