Liburuzaleok, egunon...
Iñigo ARANBARRI Idazlea
Euskaraz badugu atzizki bat, lagunak oso ondo aukeratzen dituena. Esadazue bestela zein hizkuntzatan esan daitekeen «kamioizale» eta afizioaz gain lanbidea adierazi. Edo «esnezale». Egunero esnea etxeraino ekartzen ziguna zen esnezalea esnezaleontzat. Baina ondo bereizten ditugu «futbolari» eta «futbolzale». Beraz, ez zarete minduko liburuzale deitzen badizuet. Nahiago nik hori liburu-saltzailea baino. Izan ere, ez zarete zuek izan urtez urte liburuak saltzeaz gain komentatu, gomendatu eta azken apaleko azken alea aurkituta, bezeroari keinu, gozatuko duelakoan eskura jarri diozuenak?
Esango didazue ez miresteko hainbeste zuen lanbidea, ez idealizatzeko. Gauzak honetan ere asko aldatu direla, merkatuaren legeak gero eta gehiago estutzen duela, eta etorkizuna ilun ikusten duzuela. Nik ere badakit hori. Baina utzidazue amets egiten. Zaletasunak uztartuta, urteetako konplizitatea berme dudala, utzidazue gauzatxo bat esaten. Ez iezaiozue gehiago idazle bati liburu salduenagatik saririk eman. Salduena. Hori ez da liburuzaleen hiztegikoa. Ez da inoiz izan. Azken apaleko azken alea irakurrita literaturaren ederra aurkitu duen honek diotsue. Salduena liburuzaleek ez, azalera handiko saltzaileek erabiltzen dute, hain justu, hori esateko, batetik hamarrera zenbatuta dituztenak izango direla salduenak, horiek baino ez baitituzte salduko. Bestela esanda: gainerakoak ez dituztela salduko. Ez dituztelako apaletan ere edukiko. Horra merkatuaren legeak.
Liburuzaleok: mila esker Euskadi Zilar honengatik. Oraindik zuen lanbidean sinesmena dudalako jasotzen dut hain gustura.