Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com
Pantailaren fikzio geruza
Mundua 35 milimetrotan, 625 lerrotan, izpi katodikoen tutuaren bitartez edota abiadura handiko linea digitalaz sartzen zaigu begietatik. Bizitzen ari garen sasoi honetan heriotza gure bizitzetatik desagertu da, gauza aipaezina da
Oraindik gomutatzen ditut maiatzaren 11ko Madrileko treneko sarraskia telebistetan ez emateko egin ziren ahaleginak. Irudi gogorrak ziren, egia da, eta egia da, era berean, beharbada ez zirela mundu guztiaren etxeetara sarraraztekoak. Esan beharra dago askok ozen zabaltzen eta aldarrikatzen duten «prentsa askatasuna» edota «informazio eskubidea» morbo, diru-irabazi eta gupida falta hutsa besterik ez dela. Esan bezala, ahalegin berezia egin zen telebistek trenbideetan barreiatutako gorpuzkin eta barruki odoleztatuen irudirik eman ez zezaten; argudioa irudi haien atzean benetako pertsonak zeudela eta irudiak mingarriak suerta zitezkeela zen. Espainiako Gobernuak emandako aginduaren benetako arrazoia hori balitz...
Horien moduko zoritxarren irudiak eta askoz gogorragoak sartzen dira gure bizitzetara, gure etxeetara, zuzenean, batere abisu barik, egunero. Mundua zirrararazten eta hotzikaratzen duten gerra eta gatazken ondorio ikaragarriek gure bazkariak zipriztintzen dituzte albiste esatari anodinoek guztia, detaileraino, azaltzen diguten artean. Jakina, horiek babesteko inork ez du agindurik ematen, heriotza lazgarriaren intimitatea jagon dezaten. Jakina, horiek guztiak ez ei dira pertsona izatera heltzen. Esan dezagun «gertakariak» baino ez direla, pantailaren fikzio geruzak lainotzen dituzten «benetako gertakariak».
New Yorkeko ospitale bateko itxarongelan andre bat hil da. Larrialdietako gelan zegoen medikuak noiz hartuko zain. «Segurtasun» kamerek dena grabatu zuten eta grabazio hori, AEBetako telebista batek uhinetatik eman ostean, saretik dabil orain ordenagailu batetik bestera nabigatzen. Kamera atzean zenak ez zuen ezer egin, handik zebiltzan langileek ez zuten ezer egin, itxarongelan zeuden beste pazienteek, pare bat metrora egon arren, ez zuten ezer egin, lurrera jausi zenean begiratu ere ez, mopa pasatzen ere agertu zen langile bat eta, hozten hasitako bernen parean ere, ondo atera zuen dirdira. Azkenik, 45 minutu geroago, kargutu ziren hilotzaz. Ondorioak ateratzea ez da zaila.
Beharbada premonizio motaren bat izango zen alboko guztien jokabidea, pantailaren atzeko «gertakari» baten aurrean zeudela edo egongo zirela jakinik. Ospitaleko makinako txerrikeriak edo sandwichak jaten ibiliko ziren, zine pantailaren aurrean palomitak jaten diren legez. Hala ere, inork ez du honen inguruko metraje luzeko filmik egingo, azken batez transzendentziarik gabeko heriotza izan delako hau.
Mundua 35 milimetrotan, 625 lerrotan, izpi katodikoen tutuaren bitartez edota abiadura handiko linea digitalaz sartzen zaigu begietatik. Bizitzen ari garen sasoi honetan heriotza gure bizitzetatik desagertu da, gauza aipaezina da, ezkutatu egiten dena eta, arraro eta arrotza bihurtu denez, ezezagun bihurtu zaigu; ezezaguna den guztiari legez benetako heriotzari hainbesteko beldurra edukitzen zaion sasoi honetan, hala ere, pantailaren fikziozko bizitzetan inoiz baino presenteago dago...
...Baina, tamalez, aldi berean, gero eta sarriago egiten dugu ezikusiarena.