Afrikako Batasunaren gaitzespenik jaso gabe itzuli da Mugabe Zimbawera
Afrikako Batasunak Sharm el-Sheij-en egindako gailurraren ostean, arazorik gabe itzuli zen Robert Mugabe atzo Zimbawera, ez baitzen bere aurkako adierazpenik izan. Are gehiago, oposizioarekin mintzatzeko prest azaldu zen, baldin eta presidentea dela onartzen badute.
GARA |
Zimbawera itzuli zen atzo Robert Mugabe, Afrikako Batasunak bere aurkako ebazpenik onartu ez duela. Egipton egindako bilkuran, Afrikako herrialdeek beren ezinegona adierazi zuten Zimbawek bizi duen egoerarekin, baina ez zuten Mugaberen zilegitasuna zalantzan jarri. Mendebaldeko herrialde ugarik, Europar Batasuna eta AEB tartean, Afrikako Batasunari presio egin zioten Mugaberen aurkako adierazpena onar zezaten.
«Beharrezkoa da Zimbawen batasun nazionaleko gobernua sortzea»; horixe dio Afrikako Batasunak onartu duen ebazpenak. Harareko aireportuan egindako agerraldian, Zimbaweko presidenteak begi onez ikusi zuen azkenean Egipton onartu den testua. «Ongi etorria da Afrikako Batasunaren ebazpena eta prest gaude batasun nazionalaren alde lanean hasteko», adierazi zuen 84 urteko agintariak. Baina Mugabek elkarrizketak hasteko ezinbesteko baldintza jarri zion oposizioari: «Zimbaweko presidentea naizela onartu beharko dute, hori baita gaur egungo errealitatea».
Afrikako Batasunaren barnean ere Zimbaweren egoerak desadostasuna sortu zuen. Nigeria, Botswana eta Sierra Leonako agintariek Zimbaweko Gobernuaren aurkako adierazpenaren alde agertu ziren. Gabon eta Gambiako ordezkariek, ordea, Robert Mugabe babestu zuten, bere aurkako gaitzespenak aurrera egin ez zezan.
Oposizioa, aurka
Morgan Tsvangirai MCD alderdi politikoaren buruak, Zimbaweko presidenteak jarritako baldintza betetzea ezinezkoa dela adierazi du. «Baldintza hori errealitatetik kanpo dago, Mugabe ez du zilegitasunik eta herriak ez du bere Gobernua babesten», salatu zuen MCDko bozeramaileak. Oposizioak batasun nazionaleko Gobernua eratzeko proposamena baztertu zuen, bere ustez, horrek ez duelako Zimbaweko herritarren borondatea islatzen.
Mugaberen seigarren agintaldiak eztabaida sortu du nazioartean, batez ere Mendebaldeko herrialdeetan. Oposizioko buruak uko egin zion ekainaren 27an ospatutako hauteskundeetan parte hartzeari, bere jarraitzaileen aurkako erasoak direla eta. MCD oposizioko alderdiak martxoan hauteskundeen lehen itzulia irabazi zuenetik, ehundik gora hildako eta liskar gogorrak egon ziren Zimbawen. Bigarren itzulira, Mugabe bakarrik aurkeztu zen, oposizioak bere jarraitzaileen aurkako erasoak gertatu bitartean ez zuela parte hartuko erabaki zuelako. Iruzurra gertatu zela salatu dute oposizioko agintariek.
Zimbaweko hauteskundeak «libre eta demokratikoki» errepikatzea eskatu du Europar Batasunak, Robert Mugaberen garaipenari zilegitasuna kenduz. 2002. urteaz geroztik isunak ezarri dizkio EBk Zimbaweko Gobernuari.