GARA > Idatzia > > Kultura

«Pastorala nire herrira ekarri nahi izan dut aspalditik, hori zen nire ametsa»

p038_f01_.jpg

Jean-LOUIS DAVANT

«Xiberoko jauna» Pastoralaren idazlea

Jean-Louis Davant da aurtengo pastoralaren idazlea. Oier III.aren biziaren berri ematen du «Xiberoko jauna» izenburua duen lanak. XIII. eta XIV. mendean Zuberoan bizi izandako pertsonaia garrantzitsuenetarikoa da Oier. Gudu anitz egiteaz gain, Zuberoaren alde eta Nafar erreinuaren ondoan borrokatu zuen luzaz. Besteak beste, Atharratze eta Etxarri-Aranatz herrien sorreran hartu zuen parte.

Ainize BUTRON | BAIONA

Ainharbe, Ezpeize-Ündüreine, Sarrikotapea eta Ürrüstoi-Larrabile herrietako bizilagunak elkartu dira aurten «Xiberoko jauna» pastorala eskaintzeko. Oier III.ena Zuberoako azken bizkondearen bizia aipagai du eta uztailaren 27an eta abuztuaren 3an eskainiko da Ündüreinen. Jean Louis Davant egileak bi pastoral idatzita zituen, bata Nafarroako Blankari buruzkoa eta bestea Oier III.a bizkondea aipagai duena. Azken hori aukeratu dute herritarrek Zuberoako nortasuna irudikatzen duelakoan. Oier III.aren bizia aipatzerakoan, Davantek hurrengoa argitu digu: «Historialari batzuen arabera, bere denborako gudu aitzindari handienetarikoa izan zen».

Oier pertsonaia garrantzitsua da Zuberoako historian, baina baita Nafarroakoan ere...

Bai. Nafarroako historian azkarki agertzen da. Oierrek harreman handiak izan zituen Nafarroarekin; garai horretan, orokorki, Zuberoak berak harreman asko zituen Nafarroarekin. Ofizialki Akitaniakoa zen, baina Nafarroako erregeekin tratuak zituen Erdi Aroan.

Duela urte gutxi Antso Handiari buruzko pastorala landu zenuen. Euskal Herriari begirako pertsonaia garrantzitsua zen hura. Aurten ere ildo beretik doa, garaiko jauntxo handi bat aipagai baitu. Zerk zaitu erakarri Oier III.a pertsonaiatik?

Pertsonaia bera interesgarria iruditu zait. Izan ere, bizi guztia borrokan eman zuen, alde batetik Zuberoako autonomiaren alde eta, bestetik, Nafarroako erreinuaren zerbitzuko. Errebelde horren figurak erakarri nau.

Antsoren ondotik, mende luzaz borroka arimak jarraitu duela erakusteko asmoa izan duzu?

Hori da. Nik, pixka bat Matalaz bezala ikus nezake. Baina, jaun herriaren Matalaz bat bezala.

Pastorala nondik nora doan aipa dezakezu bi hitzez?

Oierren aita guduan hil zen bere Mauleko jauregia Akitaniako dukearen armadaren aurka zaintzen ari zela. Armada hori Zuberoan sartu zen. Pastorala hastean, Oierren aitaren hil kutxa sartzen da antzokian hiru semeen laguntzarekin. Amak Akitaniako armada Zuberoatik kanpo haizatuko du, boterea bere semeari pasako dio eta pastorala hortik aitzina joaten da.

Nafarroarekin lotura handia du Oierrek?

Ingalaterrako erregea denez, indar handia du Akitaniako Dukeak eta Oier indar horren aitzinean plegatzera behartua da. Denbora berean Nafarroako erregeak ere bere erresumara deitu eta konde izendatzen du. Garai horretan, Nafarroako armadan parte hartze handia izango du. Ondotik gerla bat izango da Philippe Lebel famatua eta Ingalaterrako erregearen artean eta horretaz baliatzen da Zuberoara itzultzeko. Zuberoa hartzen du berriz, baita Mauleko gaztelua ere. Baina, gero, Philippe Le Belek bakea egiten du Ingalaterrako erregearekin eta Oierri berriz amore emateko eskatuko dio. Horrenbestez, Nafarroara itzultzen da. Arabako jaun egin, eta armadako buruzagi izendatzen du erregeak.

Izan al zen Oier hiri sortzaile?

Bi gauza eginen ditu Oierrek; Atharratzeko hiri berria sortuko du Nafarroara behin betiko joan aitzin, eta, Nafarroako gobernuko partaide delarik, Etxarri-Aranatz herriaren sorreran parte hartzen du. Gero Nafarroan hilko da adin eder batekin, 80 urtez gora baino gehiago. Baina, lehenago, borrokan ari izan da Gaztelan Nafarroaren alde. Baita Zuberoan eta Flandrian ere. Asko kurritu dela ageri da, eta gudu askotan parte hartu du. Historialari batzuen arabera, bere denborako gudu aitzindari handienetarikoa izan zen.

Pastoral anitz eginak dituzu. Baina, honek berezitasun bat du zure herriak, Ürrüstoik, parte hartzen baitu. Zer garrantzia dauka horrek zuretzat?

1846an izan zen azkena gure herrian. Ekarri nahi izan dut aspalditik, hori nire ametsa zen. Mithikilen saiatu naiz bi aldiz, Ürrüstoi beraiekin aritzea nahi nuen. Baina, ez dut lortu. Oraingoan iniziatiba espero ez nuen tokitik etorri da: euskara ez dakiten mutikoek hartu dute. Etxez-etxe ibili dira gure lau herrietan, eta jendea bildu dute.

Lau herri asko da...

Asko da, bai, baina, mila biztanlez petik gaude halere. Oso herri txikiak dira eta, Iparraldetik, kantonamenduko azkenak gara. Batzuk uste dute Zuberoa hor bukatzen dela. Baina, askok ez dakite Eskiulaz kanpo, hemen Iparraldean, Donapaleuko kantonamenduan, zazpi herri zuberotar daudela. Administratiboki, Zuberoa osotik baztertuta gara, baina historikoki zuberotarrak gara.

Orduan zuentzako erronka handia da pastoral hau, zuen zuberotartasuna aldarrikatzeko aukera ematen baitu...

Bai. 1982an Pagolan eman zen gure eskualdeko azken pastorala. Pagola mendian da; aldiz, behere honetan, aspaldian ez da eskaini pastoralik. Lehenago egiten ziren pastoralak, baita Biarno hurbilean ere. Pastoralaren liburuxkan agertzen ditut eman diren pastoral horiek.

Oier III.ari buruzko pastorala aukeratu izanak garrantzi berezia al du zuretzat?

Bai. Zuberoako historiaren berri izateko aukera bat da. Liburuxkaren azken partean laburpen bat izango da. Bestalde, gai honek Zuberoa hobeto ezagutzeko parada ematen du. Zuberotarrok ere ez dugu gure eskualdea ezagutzen! Horregatik, liburuxkan Zuberoako herri guztien izenak jarri ditut. Orokorkiago, pastorala honek Zuberoari omenaldia eskaintzeko parada eman dit. Zuberoari ama bati bezala omenaldia egiten zaio eta, gero, Euskal Herri osoari leiho bat irekitzen zaio. Azken kantuan agertzen da hori bereziki.

Aldarrikapenez beterik dago, beraz?

Pastoralak polita izan behar du, bistan da, baina, mezua ere izan behar du. Mezuak bi zati ditu: bata Zuberoari buruzkoa eta bestea euskarari buruzkoa.

Pastoralek euskara berreskuratzeko prozesua laguntzen dute...

Baina ikusi beharko da zer ematen duen. Ondorio onak izaten ditu; euskara batzuek praktikatu eta besteek entzuten dute.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo