GARA > Idatzia > > Kultura

«Arrupe, nire isiltasun hau» musikala, San Inazio egunean, Loiolako Santutegian

GARA | DONOSTIA

Aita Arruperen bizitza ezagutu ahal izango da Loiolan «Arrupe, nire isiltasun hau» ikuskizunaren bitartez. Hori santutegi aurrean izango da, uztailaren 31n, San Inazio egunean, alegia.

Gontzal Mendibilek zuzentzen duen obrak Arruperen irudia munduratzea du helburu. Musikak, antzezpenak, koreografiak, argiak eta proiekzioak berebiziko garrantzia dute musikalean.

Lanak arrakasta itzela izan zuen Bilboko Euskalduna jauregian joan den azaroan. Oraingo honetan, San Inazio egunean Loiolara itzuliko da protagonista, formatu berdinarekin. Hala ere, Mendibilek atzo eginiko prentsaurrekoan azpimarratu zuenez, elementu berri batek parte hartuko du Loiolan, eguraldiak uzten badu behintzat: «Izarrez betetako zeruak».

Guztira, 400 bat izango dira parte-hartzaileak. Horien artean, Donostiako Orfeoiko kideak, Gernikako Gaudeamus koraleko umeak, 100 bat aktore eta Igor Yebra dantzaria. Mendibilek berak, abestiei ahotsa jartzeaz gain, Arruperen papera beteko du.

Mendibilen esanetan, obrak «eszena hunkigarriak» ditu, Hiroshimako bonbaren leherketa kasu. Atal horren ondoren izango da atsedenaldia; orduan, su artifizialak izango dira Azpeitian.

Obrak hainbat gai landuko baditu ere, Arrupek errefuxiatuen alde egin zuen lana izango da ardatza.

Santutegiko errektore Jose Maria Etxeberriak ere ohorezko hitzak izan zituen Arruperentzat eta hala definitu zuen: «Izpiritu handiko gizona zen, baina hankak lurrean zituen munduko errefuxiatuei laguntzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo