Eskola Ibiltaria aurrera doa giro ezin hobean, eta Azpeitira iritsiko da gaur
Ostegunean abiatu zen Eskola Ibiltaria Bergaratik, herriz herri Euskal Herriko historia eta, zehazki, negoziazio prozesuak aztertzeko. Gaur azken eskola emango dute Azpeitian, eta etorkizunari begiratuko diote.
GARA |
Ekimena oraindik bukatu gabe bazuten ere, balorazio ezin hobea egin zuten Ikasle Abertzaleak taldeko kideek atzo, Azkoitira iritsi berritan. Esan zutenez, Eskola Ibiltaria primerako giroan egiten ari dira. Aurten, gainera, lan taldeak osatu dituzte, eta ikasle guztiek dute eskoletan ez ezik antolakuntzan ere parte hartzeko aukera. Hogeita bost bat lagun elkartu ziren ostegunean; atzo gutxixeago. Otorduak, logelak, azpiegiturak... denen artean banatzen ari dira.
Ostegun goizean abiatu ziren Eskola Ibiltariko lagunak Bergaratik. Lehenbiziko eskolan XIX. eta XX. mendeetan jarri zuten arreta: Bergarako Besarkada, Foruak, 36ko Gerra, Frankismoa eta Txibertako prozesua landu zituzten.
Gero Antzuolara jo zuten. Herri horretan «bestelako proiektu pedagogikoa» duen eskola bat dago, eta bertako ikasle eta irakasleekin solasean aritu ziren proiektuaren inguruan. Eta handik Urretxurako bidea hartu zuten, abeslari batek alaitutako afari goxoaz eta gauaz gozatzeko aukera baitzuten zain.
Abiadura Handiko Trenaren proiektuaren arabera trena bailara horretatik pasatuko denez, gai hori lantzeko aprobetxatu zuten, eta arkitektura eta ingurumena ikasten ari diren gazteekin proiektu horri buruz mintzatu ziren herriko gaztetxean.
Mendi ibilaldia ere izan zuten gazteek, eta bertatik bertara ikusi zuten azpiegitura erraldoia eraikitzeko zer-nolako obrak egin beharko liratekeen eta paisaia nola aldatuko litzatekeen. AHTz gain, euskaldunok mendi tontorretan ibiltzeko dugun zaletasuna izan zuten hizpide.
Azkoitian bigarren eskola eman zuten eta Txibertaren ondorengo garaia aztertu zuten bertan, Lizarra-Garaziko negoziazio prozesua bereziki.
Gaur, berriz, Azpeitira abiatzekoak dira eta, Loiolatik pasatuko direnez, Arte eskolakoekin santutegiak gordetzen duen altxorraz gehiago jakiteko aukera izango dute. Azpeitiar talde batek prestatutako hitzaldia entzun ahal izango dute ondoren.
Oraina eta etorkizuna
Arratsaldean, Euskal Herriko historiari buruzko azken saioa izango dute Eskola Ibiltariko parte-hartzaileek. Gaur egun bizi dugun egoera aztertzeaz gain, etorkizuna nola ikusten duten azalduko dute gazteek: zein esperantza daukaten, zein bide har dezaketen, zein arrisku dauden, zein asmo, gazteek zer paper izango duten...
Eskola Ibiltariari amaiera emateko, parte-hartzaile guztiak mahaiaren bueltan bilduko dira eta otordu ederra egingo dute. Bertsolariak afalosteko giroa alaitzen eta afaltiarrei adarra jotzen arituko dira.
Gazteek bertatik bertara ikusi zuten Abiadura Handiko Trena eraikitzeko zein obra egin beharko lituzketen eta horiek paisaia nola aldatuko luketen.