Selekzioak Esaiten prentsaurrekoa
Beste mendi martxa bat euskal selekzio guztien alde
Abuztuaren 2tik 9ra egingo dute ibilaldia Donibane Garazi eta Lekeitio artean, eta antolakuntzak bertara joan eta itzultzeko autobus zerbitzuak jarriko ditu
Imanol SESMA | DONOSTIA
Beste behingoz, ESAITek Euskal Selekzioen aldeko aldarrikapenerako mendi martxa antolatu eta bertan parte hartzeko deialdia luzatu zuen atzo goizean Donostian egindako prentsaurreko batean. Jakinarazi zuenez, zortzigarren edizioa izango den honetan Donibane Garazi eta Lekeitio arteko ibilbidea egingo da abuztuaren 2tik 9ra arte.
Ibilaldiak 30 kilometro inguruko zortzi etapa izango ditu eta zazpi eta zortzi ordu bitarteko iraupena izango du; zati batzuetako malda gogorrak direla eta, elitekoa izan gabe ere gutxieneko prestakuntza izatea eta mendian oinarrizkoa den materiala eramatea komenigarria dela ohartarazi dute antolakuntzako ordezkariek.
Bestalde, gaur egun euskal selekzioen egoera zailaren inguruan hausnarketa egiterakoan, estatu frantsesaren eta espainolaren erasoak direla-eta «egoera gero eta latzagoa» dela adierazi zuten baina, hala ere, ez direla «nekatzen» eta euskal selekzioen alde lanean jarraituko duela nabarmendu zuen ESAITek.
Mendi martxan parte hartzeko izena ematen dutenek Bilbotik eta Donostiatik Donibane Garazira joan eta Lekeitiotik berriz ere bi hirietara itzultzeko autobus zerbitzua izango dute. Horrez gain, gosaria eta txangoan zehar beharrezkoak izango diren ogia eta fruituak emango ditu antolakuntzak. Gainera, ekimenarekin bat egin duten hainbat herritan herri afariak ere izango direla iragarri zuten.
Izena eman nahi duenak bi telefono ditu horretarako: 615 004 202 eta 617 168 968. Argibideak: www.esait.org helbidean.