GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Josu Esparza Nafarroako amnistiaren aldeko mugimenduko kidea

Hilarria lortu dugu; orain justizia!

Lanean jarraituko dugu justizia justu baten bila, independentea izan eta herritarren eskubideen zerbitzura egongo dena, 78ko erasoan zer gertatu zen, zergatik eta erantzuleak zeintzuk izan ziren argituko duena

Nafarroak eta Euskal Herriak 1978ko sanferminetan jasandako eraso bortitza ez zen kasualitatez gertatu. 77ko fartsa izan zen indultuaren gainetik benetako amnistia baten aldarrikapenaren aurrean, Polizia espainolaren emisora argia izan zen bere aginduetan: «jaurti zuen energia guztiarekin eta ahal bezain indartsuen! Ez diezazuela axola norbait hiltzeak!». Zezen-plazan egin zuten sarrera bortitza, hasieratik tiroak botatzea eta ondorengo iruindar guztien aurkako errepresio bortitza Estatuaren aparatuek prestatu zuten eta poliziak gauzatu zuen. Estatu krimena izan zen. 78ko sanferminak hurbil zegoen Konstituzioaren inguruko eztabaida eta Nafarroako eta Euskal Herriko etorkizun instituzionala baldintzatu ez zitezen dei argia izan ziren, ohar argia.

Baina ez zen izan Estatu espainolak Konstituzioa inposatzeko eta ondorioz Nafarroa eta Euskal Herri osoa Espainiaren menpe mantentzeko egin zuen eraso interesatu bakarra. Eraso hauek 1976an hasi ziren, Gasteizko eta Montejurrako sarraskiekin, 1977an jarraitu zuten amnistiaren aldeko asteetan gertatutakoarekin; 1978an jarraipena eman zitzaion bortizkeria honi sanferminetako erasoarekin, une klabea Konstituzioa sinatu zedin, eta 1982ko otsailaren 23an bukatu zuten, estatu kolpearen itxura zuen muntaia horrekin, Nafarroako Foru Hobekuntzaren inposizioa ekarri zuena eta, ondorioz, Hego Euskal Herriaren behin betiko zatiketa.

Horren froga garbia da sarraski horiek erabateko inpunitatearekin egin zirela. Nahiz eta oso agerikoa izan, ez zuten arduradun bat bera ere zigortu, ez zuten inortxo ere auzipetu. Estatu espainolak, frankisten ondorengoek kudeatuta eta zuzenduta, bere zerbitzariak defendatu zituen, isiltasun estatu ituna sinatu zuen PSOErekin, eta gertakizunak ikertzea errefusatu zuen. Geroztik, gobernu eta instituzio ezberdinak gertaera horiek ezkutatzen saiatu dira, krimen horien inguruko egia ezabatzen.

Eta oinarri hauen gainean eraiki zen egungo demokrazia, egun Zuzenbide Estatu deitzen dutena. Justizia helburu politikoak lortzeko erabiltzen duen demokrazia, bere zerbitzariei inpunitatea eskaintzeko eta beste guztiei eraso egiteko. 36ko fusilamenduak ikertu eta erantzuleak bilatzeko borondaterik ez duen justizia, 76 eta 82 urte artean gertatutakoak ikertzeko eta arduradunak bilatzeko borondaterik ez duen justizia, 30 urteren buruan Poliziak 78ko eanferminetan egin zuen bezalaxe, benetako amnistia baten aldarrikapena isilarazi nahi duen justizia, amnistiaren aldeko mugimendua auzipetuz. Herritarren askatasunei bidea ireki ordez, 30 urte geroago oinarrizkoak diren antolatze, manifestazio, biltze, adierazpen, parte-hartze politiko, eta bestelako askatasunak murriztu dituen justizia daukagu.

Justizia eta demokrazia aldarrikatzen dugu. Horregatik, lanean jarraituko dugu justizia justu baten bila, independentea eta herritarren eskubideen zerbitzura egongo dena, 78ko sanferminetan zer gertatu zen, zergatik eta erasoaren erantzuleak zeintzuk izan ziren argituko duena. Izan ere, herritarren zerbitzura eta ez Estatuaren boterearen zerbitzura dagoen justizia da benetako demokrazia baten oinarria; hori baita herritarrak Estatuaren urraketa interesatuetatik salbu egoteko bide bakarra, Poliziaren bortizkeria politikotik salbu egoteko, proiektu ezberdinak izateagatik preso politikoen zerrenda loditzetik urrun egoteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo