Julio Larrazen obra kritiko eta figuratiboak ikusgai Biarritzen
Habanan sortua, baina aspaldidanik AEBetan bizi den Julio Larraz artistaren azken lau urteotako margolanak Biarrizko Bellevue aretoan ikusgai dira. Hirurogei obren bidez margolariaren gai nagusiak agerian jartzen ditu erakusketak. Artista erakusketaren ate-irekitzean izan zen atzo, eta obra guztietan gai nagusi bat errepikatzen dela argitu zuen, hots, boterearen eta dominazioaren salaketa. Erakusketa irailaren 5a arte izango da zabalik.
Ainize BUTRON | BIARRITZ
«Madame Rosa» 2007ko akuarelak zabaltzen du ondoko irailaren 5a arte Biarritzeko Bellevue aretoan izango den Julio Larraz artistari buruzko erakusketa nagusia.
Ohi den bezala, Biarritzeko herriko etxeak udako sasoia baliatzen du nazioarteko artista nagusienetarikoen obrak azaltzeko.
Eta, atzotik goiti Habanan sortutako baina AEBetan bizi den Larraz margolariaren hirurogei bat obra preziatzeko parada ematen dute Bellevuen.
Margolariak, erakusketaren ate irekitzean zegoela, bere ibilaldi artistikoa eta ikusgai dauden obren aipamena egiteko aukera izan zuen. Eta, lan figuratibo eta errealista horiei buruzko galderak egin zizkiotenean, «margolaria behatzaile bat» dela ohartarazi nahi izan zuen. «Prentsaren, telebistaren, argazki handien eta gure inguruan gertatzen denaren behatzaileak gara».
Erakusketaren eszenografia New Yorkeko Marlborough Gallery-k egin du, eta Larrazen azken urteotako obraren ikuspegi orokorra eskaintzen du. Bellevueko aretoan sartu eta berehala, artista estatubatuarrak «boterea eta menpekotasuna gaien» inguruan landuriko hamar margolan ikusgai dira.
«Boterea da Julioren obran gaia nagusia. Eta, lehen zati horretan ikusten diren lanetan agertzen diren pertsonaiak ilunak eta gogorrak dira», azpimarratu zuen Marlborough Galleryko ordezkariak. Lehen zatian ikusleari boterearen gaia argiki agertzen bazaio, erakusketan aitzina joan, eta gai hori etengabe forma ezberdinetan goraipatua dela antzematen da.
Ikuspegi kritikoa
«Larrazen obran dominazioa eta boterea dira gai nagusiak. Horiek gizarteko sektore ezberdinetako ordezkarien bidez aipatzen dira: politikariak, erlijio munduko ordezkariak eta burgesiako ordezkariak. Larrazek munduarekiko ikuspegi kritikoa du, eta hori argiki ikusten da obretan», gaineratu zuen.
Mediatizazioaren gehiegikeria edo boterea indarrez kendu dutenak dira, besteak beste, obretan artistak argiki salatzen dituenak. Obra kritiko horiek goraipatzeko orduan, Larrazek bere karreraren hasieran prentsarentzat egindako karikatura lanak aipatu zituen. Izan ere, 1964an karikatura politikoak eginez hasi zuen artista karrera Larrazek. Bost urte horretan eman ondoren, arteari eskaini zion denbora guztia.
Bere obran pertsonaiek daukaten garrantziari buruz honela jarraitu zuen: «Pertsonaia guztiak nahiko berdintsuak dira. Pertsonaia bera behin eta berriz lantzen dut, leku eta paisaia ezberdinetan jarriz. Asko haurtzaroan ezagutu nituen pertsonak dira. Nire familia politika munduan mugitu da, eta garai horretan ikusitako pertsonak ditut gaur egun baliatzen nire obretan», esan zuen artistak. Obra «indartsu» horiei jarraituz, margolan «onirikoak» agertzen zaizkio ikusleari.
«Hauek dira nire ametsak» argitu zuen artistak. «Rehearsal for a Conflict» eta «The Shadow of Homer at Punta Agravox» dira, besteak beste, erakusketaren zati horretan ikus daitezkeen obrak.
Ondotik, izadi hilak dira nagusi. Besteak beste, XVII.mendeko Zurbaranen edo Velázquezen eragina nabari da obra horietan. Hirugarren gela batean, «ura»-ri loturiko lanak daude eta, jarraian, zezenketak aipagai dituzten margoak.
Erakusketa bukatzeko, berriz ere, «botere eta dominazioaren» gaia agertzea nahi izan du New Yorkeko galeriako ordezkariak. «Lehenengo zatian gaia gaur egungo irudien bidez aipatzen da. Bigarren zatian, berriz, aitzin arora eramaten gaitu artistak», nabarmendu zuen. Gela horretan, «Emperor», «Coloso» edo «Omerta» izeneko obrak ikusten dira.
«Politika, erlijio edo ekonomia munduko pertsonaia asko ageri dira Larrazen obretan. Gai horiek askotan metafora gisa baliatzen ditu boterearen taxugabekeria salatzeko. Ironia da nagusi obra horietan», esan zuen Marlborough Galleryko ordezkariak.
Ironia hori goraipatu nahi izan zuen, Julio Larrazek berak ere: «Ironia biziaren ezinbesteko osagaia da niretzat». Ironia hori artistaren obra gehienetan ageri da. Eta, Bellevueren azken gelan emanak diren zortzi eskulturek artistaren jarrera hori agerian uzten dute. «SPQR» izenburua daukate aitzin aroko enperadoreen zortzi busto erraldoi horiek.
Autodidakta
«Erromatar Inperioaren garaitik bi mila urte igaro badira ere, boterearen zeremoniak garai horretan bezala errepikatu egiten direla erakustera ematen dute eskultura horiek», azpimarratu zuten antolatzaileek.
Eskulturaren arloan egindako lan horiek aipatzerakoan, karikaturak egiten zituen garaia gogora ekarri zuen, berriz ere, Larrazek. «Eskulturak beti izan ditut nire obran margolan edo karikaturen gehigarri gisa. Karikaturak egiten nituelarik, horiek eskulturetan lantzen hasi nintzen. De Gaullen eskultura bat egin nuen, esate baterako, eta hura baliatu zuten Times egunkarian», gaineratu zuen artistak.
Larrazek arte mailako formaziorik ez duela esanez bukatu zuen atzoko erakusketaren ate irekitzea. Urte askoan bere ametsa arte eskola batera joatea izan zela azpimarratu zuen. «Ez genuen dirurik, orduan ez dut egin. Batzuek diote hobea dela askatasun handiagoa ematen baitu. Nik ez dut uste, garrantzitsua iruditzen zait teknikak ikastea», adierazi zuen. Beste lagun artisten lanak begiratuz ikasi zuela argitu zuen.
1964an hasi zuen Julio Larrazek bere ibilbidea. Hasieran New Yorken bizi zela, batez ere karikatura politikoak egiten zituen. Garai horretako obren ironia eta salaketa oraindik ere ageri da egungo Larrazen margolanetan.
Zortzi «enperadoreren» brontzezko bustoekin bukatzen da Bellevue aretoko erakusketa. Beti ere boterea salatzeko eginak, Erroma inperialistarekin lotura egiten dute obra erraldoi horiek.