GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Imanol Oruemazaga Baseta Ondarroa

Eusko Jaurlaritzako sailburu bi Ondarroako portuan. Zertara?

Eusko Jaurlaritzak azaldutako jarduketei begiratzen badiezu, berehala ohartuko zara sei egitasmoetatik bi bakarrik direla benetan arrantza industriari dagozkionak

Duela hilabete, maiatzaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Laneko sailburua eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburua izan ditugu Ondarroan. Komunikabideen bidez jakin dugunez, Ondarroako arrantza sektorea berrindartzeko, esku artean dituzten jarduketen eta egitasmoen berri emateko etorri ziran, «en aras a reimpulsar el desarrollo de la actividad pesquera».

Garraio eta Herri Laneko sailburuak, zehazki, bere Saila 2007. eta 2012. urte bitartean portuan egiten ari den eta burutzekotan den lanen programa zehatza aurkeztu zien «Ondarroako Udal Kudeaketa Batzordeko ordezkariei zein, besteak beste, alturako eta baxurako arduraduei» («Hitza», 2008-05-27). Jarduketen Programari begiratuz, berehala ohartu naiz bertan aipatzen diren sei jarduketen artean, hiru Artibai ibaian egiten ari diren eta amaitzear dauden herri lanak direla: «kai berria, itsasadarraren ezkerreko aldeko bien artean», «Erriberako 52 metroko zati bat kai modura atonduko da, Zubi Zaharraren eta kirol dartsenaren artean», eta «hondartzako dikearen eta kirol dartsenako bokalekoak sendotzea».

Artibai ibaiko herri lan horiek ez al dira bertan pantalanak ipintzeko? Pantalan hauekin ere «bultzada ederra» eman ahal izango zaio arrantza jarduerari, antza. Zein arrantza motari? «Ondarroako gizartearen eta ekonomiaren garapenaren motore izan den arrantzari?» Ondarroako baxurako eta arrasteko arrantza-ontziak ere pantalan horietara atrakatuko ote dituzte gure arrantzaleek aurrerantzean? Ala, itsasoaz gozatzeko beren txalupatxoan itsasora irtetea maite duten turistek? Edota arrantza zaletasunak bultzatuta, arrantza «amateurrean» jarduten diran arrantzale jubilatuek?

Sailburuok, hurrengoan etortzen zaretenean, ea ez duzuen gehiago nahasten gure herri gaixo hau! Zeuon adierazpenak ez ditzatela sor oraingo honetan egunkarietan irakurri izan ditugunen antzeko beste izenbururik (2008-05-27): «El sector pesquero de Ondarroa se reimpulsará con una inversión global de 13,2 millones de euros» («Deia»); «Arrantza sektorea suspertzeko 2008-2012 plana aurkeztu dute portura egindako bisitan» («Hitza»). «El Correo»k ere hitzez hitz jaso zituen Garraio eta Herri Laneko sailburuaren hitzak: «Se trata de avalar la actividad pesquera para que siga siendo el motor del desarrollo socio-económico de este municipio en un mercado más global y competititvo». Komunikabide guztiek Ondarroako arrantza sektorearen berrindartzea azpimarratzen digute.

Eusko Jaurlaritzak azaldutako jarduketei begiratzen badiezu, berehala ohartuko zara sei egitasmoetatik bi bakarrik direla benetan arrantza industriari dagozkionak: «Erreka tailerraren birgaitzea», eta alturako eta baxurako arrantzua saltzeko lonja berria. Gainera, berri hori eraiki aurretik, Egidazu kaiko moilak berregin behar omen dira.

Portuan aurreikusten diren lanak aipatzean zera diosku Udalak: «... hurrengo hilabeteetan egitekotan diran kaien azalera handitzea dago, Egidazu kaian eraikiko dan 20.000 metro kuadroko arrainen lonja barria egin ahal izateko» («Udala Martxan» aldizkaria, 9. zk.).

Lonja berria egiteko Egidazu kaiko moilak handitu beharko direla berresteaz gain, xehetasun gehiago ere eskaini digu «... Azul» arrantza aldizkariak: «La primera fase de los trabajos consistirá en ganar superficie de muelle y durará un año. Para el próximo año 2009 está previsto finalizar esta obra. De momento, se desconoce si con esta obra se van a ejecutar también las obras del parking de Itxas Aurre, un proyecto que se manifestó desde Vitoria que iría paralelamente a la ejecución de la lonja. Así, la ampliación de los muelles se ejecutaría con el relleno de tierra que se obtendría de Itxas Aurre, para el parking» (aurtengo Antxoa Egunean stand batean banatu zuten alean).

Gai hau ur handietako arraina dugu. Izango al da gaia sakonki aztertuko duen ondarroarrik edo erakunde-elkarterik? Nire aldetik, eskari xumea besterik ez: egitasmo bakoitzaren nondik norakoak eta helburuak zehatz-mehatz azaldu diezazkigutela herritarrei, egitasmo bakoitzari bere izenaz deituz. Seriotasun apur bat, mesedez, Eusko Jaurlaritzako agintariok!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo