Tabakaleraren korporazio-irudia Donostian bertan sortua da
Odeia AIESTARAN | DONOSTIA
Tabakaleraren marka diseinatzeko lehiaketak badu irabazlea. Tabakalerak badu, beraz, ikur berria. Lehiaketan Euskal Herriko diseinatzaileek parte hartzeaz gain, nazioarteko hainbatek ere aurkeztu zuen proiekturik, baina azkenean, Donostiako bat atera zen garaile: Lanzagorta estudioa, hain zuzen ere. Ikurra atzo aurkeztu zuten kultur fabrikako zuzendari nagusi Joxean Muñozek, epaimahaiko bi ordezkarik eta Jose Luis Lanzagortak.
Irudi berria «T» baten antzekoa da eta zeinu bakarrean biltzen ditu ikurra eta izena. Lanzagortak adierazi zuenez, helburua, hasieratik, «errepresentazio abstraktua» egitea zen. Gainera, irudiari aukera gehiago emate aldera, hainbat koloretan egin liteke diseinua. Muñozek, bestalde, ikurra euskarri guztietara moldatzen dela azpimarratu, eta hala definitu zuen: «Irmoa, sendoa, neutroa eta gogoratzeko erraza». Epaimahaiak, halaber, diseinuaren «moldakortasuna» nabarmendu zuen.