John McLaughlin gitarra-jotzaile trebea ariko da gaur Getxoko Jazzaldian
A. BILBAO | GETXO
Getxoko Jazzaldia erdigunera helduko da gaur, John McLaughlin gitarra-jotzaile apartaren eta lagun izango duen 4th Dimension taldearen emanaldiarekin. Aurten, parte-hartzaileen artean itzal handienekoa dugu britainiarra, nazioartean aspaldi lortu zuena oihartzuna, soinuaren bere etengabeko ikerketak eta lan mardulak lagunduta.
Aurretik, Kristian Brink suediar laukoteak parte hartuko du «Taldeen Lehiaketa» atalean. Bi zuzenekoak, Algortako Biotz Alai plazan izango dira, 21.30ean, eta 30 euroren truke.
Egun osoko jarduna
Arratsaldetik gauerdira arte izango da jazz doinuez gozatzeko aukera Getxon. Dr. Macaroni Latin Brass Band talde madrildarrak 18.00etan joko du dixie gunean, Algortako Geltokian. «Hirugarren Milurtekoa» atalean, berriz, Citric hirukotearen doinuak zabalduko dira Getxo Antzokiko plazan, 19.30ean. Gauerdian, eta bukatzeko, ohiko jam session tartea jorratuko dute Algortako The Piper´s Irish Pub-ean.