Argitxu Noblia izanen da EAJko IBBko presidentea datozen lau urteetarako
Xabi HERNANDEZ |
Joan den larunbatean hartu zuen Argitxu Nobliak EAJko Ipar Buru Batzarreko presidente kargua, Aitor Arandiaren partez. Gutxi iraun dio karguak Baionako zinegotzi ere badenari. Izan ere, Arandia iragan ekainean hautatu zuten posturako, Iñaki Ibarloza beste hautagaiarekin lehiatu ondoren, baina, «arazo pertsonalak» argudiatuta, ardura uztea erabaki du.
Hautu horren atzean IBBren barruan «banaketa edo zatiketa ideologikorik» ez dela nabarmendu zuen Nobliak eta bera «demokratikoki, gehiengoak hautatua» izan dela gaineratu zuen.
Presidente berriak berak egin zuen aurkezpen ofiziala atzo komunikabideen aitzinean, aurreko presidente Ramuntxo Camblong-ek lagundurik. Horrezaz gain, datozen lau urteetarako IBBren erronken berri ere eman zuen, alderdiaren barrura zein kanpora begira. Lanerako ardatzen artean alderdia «azkarraraztea», biltzar berri batzuk sortzea eta «komunikazioa» indartzea izanen dira, «alderdia eta herriarekiko sentimendua» agerrarazteko asmoz.
Lehen emakumezkoa
EAJko batzar bateko kargu horretara heldu den lehenbiziko emakumezkoa da Noblia, eta Ipar Euskal Herrian aski ezaguna, besteren artean, Seaskaren sortzaile izateagatik. Alta, burua izendatu bai, baina batzarra udazkenera arte ez dela osatuko ohartarazi zuen.
Bestalde, Ibarretxeren galdeketari erreferentzia eginez, «beti legearen arabera» jardungo dutela eta ez dutela «gerla piztuko» adierazi zuen.