EBren itunekiko adostasunik ez dela-eta, hauteskundeak aurreratuko dituzte Austrian
Austriako Legebiltzarra osatzen duten bost taldeek hauteskundeak aurreratzea erabaki dute. Lehenik, eskuindarren OPV alderdiak gobernu koalizioa bertan behera utziko zuela iragarri zuen. Lisboako Itunak eta, oro har, EBrekiko jarrerak eragin dute honako krisi politikoa.
GARA |
Koalizio Gobernua hautsita, Austriako Legebiltzarreko bost talde politikoek, SPO sozialdemokratak eta OVP kontserbadoreak -orain arte Gobernuan-, batetik, eta oposizioa osatzen duten hiru taldeek -Berdeak eta eskuin muturruko beste bik- hauteskundeak aurreratzea erabaki berri dute. Irailaren 28an egingo dira, segur aski.
Hamazortzi hilabete iragan ostean, ezkerraren eta eskuinaren arteko koalizioak porrot egin du. SPOko kantziler sozialdemokratak, Alfred Gusenbauerrek, zerrendaburu izateari uko egin dio. OVPren buruzagi eta kantzilerrorde Wilhelm Moltererrek astelehen goizean eginiko agerraldian nabarmendu zuenez, «Gobernua ez da gai ondo lan egiteko, ezta erabakiak hartzeko ere. Horregatik, hauteskundeak antolatu behar ditugu luzamendurik gabe».
Krisialdiaren errua batak besteari egotzi diote SPOk eta OVPk. Gusenbauerren Gobernua 2007ko urtarrilean osatu zenetik arazorik ez da falta izan.
Europar Batasunarekiko Gobernu austriarraren politika saldu izana leporatu die Moltererrek sozialdemokratei. Izan ere, EBek aurrerantzean adosten dituen itunak erreferendumean bozkatzea erabaki zuen SPOk bere kabuz. Hala iragarri zuen «Kronen Zeitung» egunkariari bidalitako eskutitzean. Bertan, zuzendaritzaren zati eta militanteen zati batek kantzilerraren jardueraren inguruan plazaratu dituzten kritikak alboratu egin zituen.
«Ez dut inolaz ere onartuko SPOren barnean izaten ari den krisia Austria osoko krisialdi bilakatzea», adierazi zuen Moltererrek. Bi talde politikoen arteko harremanak hasieratik izan dira neketsuak. 2006ko urriko hauteskundeetan, SPOk irabazi zuen baina puntu bakarreko aldearekin.
Tyrolen egindako eskualdeko azken hauteskundeetan, berriz, OPVren mesedetan galdu zuen. Horrez gain, bere garaian iragarritako erreformak ez dira indarrean jarri.
Ekainaren amaieran eginiko inkesta baten arabera, austriarren %59k Gusenbauer ez beste zerrendaburu bat nahi dute. Agian horregatik, Werner Faymann proposatu dute SPOko presidente berri.
Irragarritako aldaketak bete ez izana eta ekintzarik eza leporatu diote Gobernuari. Kantzilerrak, berriz, balantze positiboa egin zuen. Boterea hartu zuenetik, langabezia %5etik %4,1era jaitsi dela argudiatu zuen.