GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Aniztasun afektibo-sexuala

Ikastetxeetan esku hartu, zenbaitentzat infernu bilaka ez dadin

Ikastetxeetako erasoek gerora eragin itzela izan ohi dute ongizate psikologikoan. Norberaren sexu berekoekiko erakarpena dutenek arrisku berezia dute, ikasgelak maiz amesgaizto bilakatzen baita eurentzat.

p015_f01_2.jpg

Ikasgeletan izaten diren erasoak eta horiek gerora dituzten ondorioak hizpide hartu dituzte EHUren Udako Ikastaroetan, eta aniztasun afektibo-sexualari arreta berezia eskaini diote. Hain zuzen ere, ikastetxeetako erasoek ongizate psikologikoan eragiten dituzten kalteak aztertu ditu EHUko irakasle eta psikologo Aitor Martxuetak.

Gatazken sustraian izan litezkeen arrazoiak ugari badira ere, sexu bereko pertsonekiko erakarpena dutenen kasuan areago izan ohi dira. «Gizartean bazterketa jasateko arriskua duten pertsonak dira», nabarmendu zuen irakasleak. Horregatik, «beharrezkoa da egoera horiek saihesteko edo aurre egiteko planak abian jartzea».

Martxuetaren ustez, gutxi sakondutako gaia da hori, eta arreta handiagoa eskaini beharko litzaioke. Gainera, arazoa konpondu ahal izateko ikasleekin ez ezik, gurasoekin eta irakasleekin ere lan egin behar dela nabarmendu zuen.

Hala eta guztiz ere, lehenbizi, gizarteko aniztasun afektibo-sexuala aztertzea eta ulertzea beharrezkoa da, ondoren ikastetxeetakoa ulertu ahal izateko. Erasooi erantzun azkarra ematea ere ezinbestekotzat jo zuen: «Unean bertan esku hartu behar da, behar bezala konpondu nahi izanez gero». Horrelako kasuek, izan ere, gertatu bezain laster tratatu ezean, gerora ongizate psikologikoan kalteak eragin ohi dituzte.

Egoeraren azterketa egin ondoren, arazoa konpondu ahal izateko, buruko osasunean eragina duten faktoreak zein diren ezagutzea ere beharrezkoa da.

Martxuetaren esanetan, buruko osasuna eta ongizate psikologikoa ez dira bereiztu behar. Bata eta bestea bermatzeko, «beharrezkoa da norbere burua den bezala onartzea, eguneroko bizitzan autonomiaz jokatzen jakitea, jomugak izatea, pertsonalki garatzea, ingurunean mugitzen jakitea eta gizartean harreman ezberdinak izateko gai izatea».

Buruko osasun-egoera finkatzen duten lau aldagai nagusiak afektibitatea, depresioa, antsietatea eta autoestimua dira, eta faktore psikosozialek eragina dute batean eta bestean desorekak eragiteko. Ikastetxean jazarpena jasan dutenek, esaterako, antsietatea eta depresioa agertuko dituzte gerora.

EHUk gai horren gainean Gipuzkoan 2005. urtean egindako ikerketa baten emaitzak esku artean hartu zituen psikologoak. EHGAM, Gehitu eta Bost Axola elkarteekin batera buruko osasunaren aldagaiak, eta horretan eragina duten faktoreen konbinazio ezberdinak ikertu, eta ehundik gora pertsonen kasuak aztertu zituzten.

Lanean ondorioztatu zutenez, sexu berekoekiko erakarpena duten pertsonen ongizate psikologikoan kalteak eragiten dituzten faktore sozial horiek, eskoletako erasoez gain, zerikusia dute norbere buruaren onarpenarekin, familiakoen eta lagunen babesarekin, inguruko errealitate-sarearen pertzepzio egokiarekin eta genero identitatearekin. «Norbanakoarentzat eguneroko bizitzako erronkei aurre egiteko beharrezko da babesa duela sentitzea edo, beste modu batean esanda, laguntza soziala izatea». Haren esanetan, lagunak eta bikotekidea izaten dira horrelakoetan aurrera egiten gehien laguntzen dutenak. Kontrakoa gertatzen denean, ordea, senideek orientazio afektibo-sexuala onartzen ez duten kasuetan, esaterako, antsietatea eta depresioa agertzen dira horren ondorioz.

Eskoletako erasoak gogor eragiten die eta, maiz, ingurukoen laguntzarekin ere, zaila da halako egoerei aurre egitea. Erasoak ekiditea litzateke hoberena, eta «aniztasun afektibo-sexuala gizartean normaltasunez onartzea» da horretarako giltzarria.

Janire ARRONDO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo