GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Trontza Nafarroako Txapelketako finala REMONTE

Aizkorbe-Canok eta Agerre-Txuekak lortu dituzte txapelak, mutiletan eta nesketan

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ezustea eman zuten atzo Aizkorbe-Cano bikoak, eta Nafarroako maila nagusiko txapela jantzi zuten. Barberena anaiak ziren txapeldunak eta faboritoak. Aizkorbe eta Cano, gainera, pasa den igandean Euskal Herriko finaletik kanpo geratu ziren, baina atzo irabazi egin zuten.

Berriozarko bikoak lan bikaina egin zuen, eta sekulako maila eman ere bai, pasa den igandekoa halabehar hutsa izan zela erakutsiz. Gainera, Nafarroako marka berria ere ezarri zuten. Kana-erdikoari 14 epai etzanda eta lau zutik ematen, 8 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten. Barberena anaiak izan ziren bigarren; Morrondo eta Pikabea hirugarren sailkatu ziren, eta Txoperena eta Portu laugarren.

Nesketan, Txueka-Agerre bikoa nagusitu zen, 9 minutu eta segundo bat behar izan zuten 45 ontzako enbor bati 10 epai emateko. Atzetik, Aristegi-Galarregi eta Lopez-Nuñez sailkatu ziren. Kadete mailakoa, berriz, Eugi-Iribarren bikoak irabazi zuen.

Lasto-altxatzen Herrialdeko Txapela jokoan izan zen, eta Bereauk irabazi zuen, 21 aldiz altxatu baitzuen 45 kiloko lasto fardela zazpi metrotara, bi minututako txandan.

Harri-jasotzea

Gaur ere jaialdia izango da Foruen plazan 12.00etatik aurrera. Garrantzitsuena, herrialdeko harri-jasotze txapelketa izango da. Igoa, Urrutia eta Bertiz neurtuko dira bertan. 112,5 kiloko kubikoa, 100eko bola eta 125eko zilindroa erabiliko dituzte, eta bakoitzarekin bi minutu izango dituzte lanerako. Neska aizkolariak ere izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo