TKE Liga
Lujanbiok «edozertarako gai» ikusten du Castro
Denboraldi «luze eta gogorra» izango den arren, patroia gustura dago hasieran eman duten irudiarekin
Imanol SESMA | DONOSTIA
Aurreko denboraldi osoan «La Marinera» ontziak estropada bakarra irabazi zuen arren, aurtengoan, dagoeneko Boirokoan gailendu da Castro. Talde horretako patroi den Juan Mari Lujanbiorekin hitz egin ahal izan du GARAk honen inguruan.
Denboraldi hasieran talde kantabriarraren helburua ontzi ezberdinak zein mailatan zeuden jakitea omen zen, nahiz eta «denek bezala, ahalik eta gorenen bukatzea» espero zuen. Hala ere, denboraldiari hasiera oso txukuna emanik ere, oinak lurrean finko ditu Lujanbiok: «Sentsazioak dira orain arteko garrantzitsuena, eta gu konfiantzaz gatoz Galiziatik. Poliki-poliki gorantz doan prestakuntzarekin jarraitu, eta uda osoan zehar ahal dugun guztia hobetuko dugu».
Castroko patroiaren iritziz, denboraldi honetan gauzak ongi ari dira egiten, eta ilusioz eta «edozertarako prest» ikusten du bere ontzia, nahiz eta oraindik ia hiru hilabete luze geratzen direnez, liga irabaziko dutela esatea «zaila» iruditzen zaion. Horretarako astean zehar lan asko eta ongi egiteaz gain aukera guztiak aprobetxatu beharra dagoela uste du sanjuandarrak, astez aste irabazten saiatu eta konfiantza irabazten jarraitzeko. Bere ustez, bide horretatik jarraituz denbora igaro ahala ikusiko da ligan noraino iristeko gai den taldea. «La Marinera» ontziaren helburua Kontxara mailarik onenean iristea dela esan duen arren, itsasoan, barnealdean eta ibaietan estropada asko falta direnez oso urrun ikusten du Lujanbiok proba hori, eta tartean «gauza asko» gerta daitezkeela uste du.
Urrunago joan gabe, datorren larunbatean San Pedroko ikurrina dago jokoan, eta sanjuandarra ilusioz omen doa «etxean jokatzen» duen estropadara.
Apustuak egiteko goizegi
Talde bakoitzak prestakuntza molde bati jarraitzen dionez, dagoeneko TKE Ligako txapelduna nor izan daitekeen edo Kontxako ikurrina norentzat izan daitekeen esatea «zaila» iruditzen zaio Castroko patroiari: «Oraingoz bost edo sei talde gara sendoen gabiltzanak: San Pedro, Urdaibai, Orio, Hondarribia, Zarautz eta geu. Talde batzuek gorantz egingo dute, beste batzuek beherantz, eta beste batzuk bere horretan gera daitezke. Denboraldia luzea da eta ikusiko da taldeok zer nolako maila erakusten dugun».
Hala ere, ondorio batzuk atera ditu dagoeneko, eta, bere iritzira, Hondarribiak «indar pixka bat» falta duela ikusi da orain arte, agian, zazpi edo zortzi arraunlari berri izatearen ondorioa izan litekeelarik. Oriori dagokionez, hainbat arrazoi direla-eta asteburu eskasak igaro dituela aipatu du: «Nire ustez, Zaragozan ondo ibili ondoren ez zuten horrela ibiltzerik espero».
Zarautz eta Zumaia ere lan txukuna egiteko moduan daudela iruditu zaio Lujanbiori, baina dudarik gabe, «jauzi handiena egin duena San Pedro da» bere ustez. Gaineratu duenez, hiru ontzi hauek aurrekontu apalagoez ibili arren, aurpegia eman, eta «lan txukuna» ari dira egiten, batez ere, pasaitarrak. Juan Mariren ustez, hauek inguruko jendearekin jardutean beste era batera egiten dute lan, baina ikusten da talde hauetan «jende gaztea dagoela, arraunean egin, eta irabazteko gosez».
Ibilbide luzea Castrora
Koxtape, Donibaneko, Pedreña, Astillero, Urdaibai, Castro eta Donostia-Arraunen patroi aritu ostean, Castrora itzuli da Lujanbio. Entrenatu behar duen bakoitzean 300 kilometro errepide dituen arren gustura dabil lehendik ere ongi ezagutzen duen taldean, eta pozik dago berarengana jo dutelako. Bere ustez, garrantzitsuena gustura aritzea da, eta emaitza onak lortuz gero, ilusio handiagoz jarduten da. Esan beharra dago sanjuandarrak asko eskertzen duela emazteak Castrorako joan-etorrietan ematen dion babesa.
«Sentsazioak dira orain arteko garrantzitsuena, eta gu konfiantzaz gatoz Galiziatik».
«Agian zazpi edo zortzi arraunlari berri izatearen ondorioz, orain arteko estropadetan indar pixka bat falta duela ikusi da».