GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

San Fermin Torneoa

Amorruz jokatzen denean errematea bizi irteten da

Urdinen zazpigarren tantoak bere onetik atera zuen Titin eta hortik aurrera bere mailarik onena eman zuen

p041_f02.jpg

TITIN III-GOÑI III 22

OLAIZOLA I-BEGINO 9

GARA | IRUÑEA

Badirudi aurtengo sanferminetan nekez ikusiko ditugula pilota partida parekatuak. Asteleheneko bi neurketa nagusiek emaitza deigarriak izan zituzten -bai Barriolak bai Irujo-Pascual-ek 22-11 irabazi zituzten euren norgehiagokak- astearte gauean, berriz, Titinek eta Goñik 9an utzi zituzten Olaizola I.a eta Begino. Aspeko pilotariek, beraz, indartsu hasi dute aurtengo San Fermin Torneoa eta hirutik hiru irabazi dituzte orain arte.

Lehiak bi zati erabat ezberdin izan zituen. Lehen erdia oso parekatua izan zen, espero zen modukoa. Beginok sekulako zartadak jo zituen atzeko koadroetan eta Fernando Goñik nahikoa lan izan zuen erauntsiari eusten. Auzako atzelariak lau tanto lortu zituen lehen zati horretan: bi errebote eta bi pilotakada bikain atzeko zuloan sartuta.

Aurreko koadroetan, Titin behin eta berriro saiatu zen Asierri tantoa sartzen, baina asko kostatu zitzaion bere helburua lortzea. Baina orduan iritsi zen urdinentzat zoritxarreko tantoa izango zena.

Titinen berpiztea

Titin bere onetik atera zuen Asegarcekoen zazpigarren tantoak eta burua galdu zuen epaileari oihuka eta aldageletarako bidea hartuz. Eta hortik aurrera beste Titin bat ikusi genuen. Bere amorru guztia erremate moduan atera zuen, eta bikote gorria zuzen-zuzenean joan zen 11-9tik 22-9ra.

Horretara bidean, aipatu beharra dago urdinek ez zutela batere ongi jokatu. Asier Olaizolak egun beltza eduki zuen, guztira hamar bat pilota galduz, eta Beginok ere nabarmen egin zuen behera bigarren zatian. Zigorra, finalean sartzeko ia aukerarik gabe geratu izana.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo