GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

«Erroldak eta hizkuntza eskubideen bermea ez dira erraz ezkontzen»

p006_f02.jpg

 
Iñaki Lasa
kontseiluko arduraduna

Elementu estrategikoek eta egiturazkoek baldintzatzen dituzte Gasteizko Gobernurako eta bere erakundeetarako Euskararen Erabilera Normalizatzeko IV. Plangintzaldia, Kontseiluaren iritzira. Kontseiluko Ildo Politiko Instituzionalaren arduraduna den Iñaki Lasaren hitzetan «hizkuntza eskubideak» ez dira erroldaren arabera bermatzen.

Zein mezu zabaldu nahi du Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako erakunde autonomoetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 4. Planaren gainean?

Plangintzaldi hauek gaizki egituratuta daude, eta haien eraginkortasuna ez da beharko genukeena, hain zuzen ere, plangintzaldiok sortzez dituzten hutsuneak egiturazkoak direlako, eta ez koiunturazkoak. Esate baterako, 45 urte baino gehiago duten langileak salbuetsita daude, hau da, lanpostuari derrigortasun data jarri arren, 45 urte baino gehiago duen pertsona batek betetzen baldin badu, hura jubilatu arte ez dago ezer egiterik. Beraz, gauza bat da zenbat lanpostuk duten derrigortasun data, eta gero, horietako zenbatetan bermatzen den, benetan, euskararen presentzia.

Ba al da beste salbuespenik?

Goi karguak. Denok dakigu, gainera, administrazioan goi karguek sortzen dutela komunikazio beharrik handiena, horiei begira egiten delako lana. Goi karguak salbuetsita baldin badaude, pentsa ezazu, nahiz eta sail batean ahalegin handia egin jendea euskalduntzeko, gero, goi kargua hartzen duena erdalduna baldin bada, horrek dantzaraziko du dena.

Beraz, egiturazko hutsune horiek behin eta berriz agertzen dira?

Gaur egun ez dugu arrazoirik ikusten 45 urte baino gehiagoko jendeak euskara ez ikasteko, besteak beste, 45 urte dugunok -neu ere multzo horretan nago- hizkuntzak ikasteko gaitasuna izan badugulako. Administrazioak ez du epe zehatzik, eta ez dago jakiterik noiz euskaldunduko den erabat, besteak beste, kalkuluak egiten direlako erroldaren arabera, erroldan eskatzen diren datuen arabera, beraz, gizartearen euskalduntzeak definitzen du administrazioaren euskalduntzea. Hori, ordea, ez da erraz ezkontzen hizkuntza eskubideekin, izan ere, hizkuntza eskubideak zuzenean lotuta baitaude eskubidearen jabe direnekin, horien kopurua edozein delarik ere.

Baina plangintzaldiari begira berriro, gainera, badira beste hutsune batzuk...

Sail garrantzitsu batzuk plangintzalditik kanpo daude, Ertzaintza kanpo dago, Osakidetza kanpo dago, horiek aparteko plan bat dute. Beraz, administrazioa euskalduntzeko planaz hitz egiten da, baina ez da administrazio orokorra. Gainerako sail horiek guztiak atzetik datoz, eta horrek gure kezka sortzen du.

Eta aurreko plangintzaldien emaitzak aztertzeak ez al du heldulekurik ematen okerrak zuzentzeko?

Bada beste errealitate bat, nahiko adierazgarria eta plangintzaldi hauen eraginkortasunik ezaren berri emateko nahiko ongi datorrena. Ahalegina egin da funtzionario batzuek euskara ikas dezaten, eta batzuek ikasi dute, hori ukaezina da. Baina gero ez dituzte sartu euskarazko zirkuituetan. Administrazioa euskalduntzeko, teorikoki, behintzat, sortu beharko zenuke euskaraz funtzionatzen duen zirkuitu bat, eta hori poliki-poliki handitzen joan, gainerakoak gaituz doazen bitartean. Baina zer gertatu da? Pertsona horiek euskara ikasi dute, baina lehengo postu berberean jarri dituzte lanean, kasu gehienetan, berriro, erdaraz jardun duen inguru batean, eta eskuratu ahal izan duten gaitasun hori galduz joan dira. Orain, hirugarren plangintzaldiaren balorazioa egitean, langile horiek aitortu behar dute gaitasun hori eskasa dela, zegokion garaian hizkuntz eskakizunaren maila egiaztatu zuten arren, erabilera ezak ekarri duelako horien kamustea. Alde batetik, ordaintzen ari gara jende horrek ikas dezan, eta gero ez diogu atarramendurik ateratzen. Are okerrago, orain, plangintzaldi hauekin, ez baitago bermatuta lanean hasiko diren langile berriak euskaldunak izango direnik, beraz, jarraituko dute euskaraz ez dakien jendea kontratatzen, gero euskaldundu beharko dutena, gero integratuko ez dutena euskarazko zirkuituan, eta ondorioz, gaitasuna galduko duena.

Ez da, beraz, soilik egiturazko hutsunea ?

Elementu horiek guztiak dira estrategikoak, egiturazkoak eta erabat baldintzatzen dutenak plangintzaldia. Gainera, laugarren aldia da, eta kritika hauek berauek bigarren plangintzaldian egin genituen, ezta hirugarrenak ere ez du lortu espazioak euskalduntzeari begirako helburu bakar bat bera ere betetzea. Orduan, laugarrenak zer dela-eta lortuko du, ez dago inolako arrazoirik hori pentsatzeko.

Eta tokiko administrazioan?

Toki administrazioa sartuta dago, baina horren azterketa egin izan denean, garbi ikusi dugu batzuetan plana eginda izan arren, ez dutela aintzat hartzen. Kontseiluak egin zuen azterketaren arabera, Euskal Herriko 66 udalerririk populatuenen heren batean ez dute ezta ordenantzarik ere. Hau da errealitatea, benetan gordina. Azkenaldi honetan hizkuntza politikaz marketin lan ikaragarria ari dira egiten, baina aztertzen direnean eskaintzen dizkiguten lanak ikusten dugu lanek ez dutela azterketa aldatzen. Kepa PETRALANDA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo