GARA > Idatzia > > Kirolak

ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko VIII. Bizikleta Martxa

Jai giroan Euskal Herriko naziotasuna aldarrikatzeko deia

Euskal jaia eta bizikleta martxa antolatu ditu ESAITek uztailaren 13 eta 14ko etapetarako. «Euskal Herria Bat. Federazio Bat. Selekzio Bat» da aurtengo leloa

GARA | DONOSTIA

«Euskal Herria Bat. Federazio Bat. Selekzio Bat». Horra Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak Pirinioetan antolaturiko bi eguneko jaialdirako aukeratu duen leloa. Izan ere, ia Tourra bera bezain ohikoa bihurtzen ari da Pirinioetako euskal jaia eta bizikleta martxa. Zortzigarren urtez, aurten ere, bertan izango dira ESAITeko kideak, oraingoan, Tourmalet mendatean. Hala eman zuten aditzera atzo, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, ESAITeko kide Mikel Uzkudunek eta Karpin Galicia taldeko Iban Mayozek.

Beraz, uztailaren 13an Tourmaleteko gainaren inguruan egongo den «ESAIT gunean» euskal jaia egingo dute arratsaldeko zazpietatik aurrera -eta urtero bezala euskal musika, gazta, sagardoa, giro alaia... ez da faltako-. Biharamunean, uztailaren 14an, Tourmaletera bizikleta martxa egingo dute, goizeko hamarretan Sainte Marie de Campango plazatik abiatuta.

Uzkudunek irakurri komunikatuaren arabera, «Euskal Herriaren naziotasuna eta euskal selekzioek nazioartean ofizialtasuna izan dezatela aldarrikatzea da gure helburua. Naziotasunaren kontu honek inoiz baino garrantzi handiagoa duela uste dugu, gainera, azken aste hauetan espainiar nazionalisten aldetik jaso dugun erasoari aurre egiteko».

«Bigarren helburua, berriz, Euskal Herriko selekzio nazionalak nazioartean ofizialak izatea litzateke, eta hori aldarrikatzeko egingo dugu bizikleta martxa Tourmaleten gora. Saute Marie De Campango plazatik, 17,5 kilometroko igoera da. Lasai-lasai egingo den errebindikazio martxa izango da. Ibilbide osoa egin nahi ez duenak ere aukera izango du La Mongieko eski estaziotik hasteko, eta handik gailurreraino 4,5 kilometro inguru izango ditu. Amaieran, parte-hartzaile guztientzat hamaiketakoa banatuko dute ESAIT gunean. Beraz, jendea anima dadila eta martxa egin dezala eskatzen dugu», esan zuen Uzkudunek.

Zaleei gonbita

Amaitzeko, berriz, ESAITeko kideak jarraitzaileen animoak eskatu zituen igandeko eta asteleheneko etapetarako. «Tourrean parte hartzen ari diren euskal txirrindulari guztiak animatzeko eskatzen diegu. Hori ere ekimen honen helburua da-eta. Badakigu euskal jarraitzaileek inork baino hobeto egingo dutela hori, urtero erakutsi baitute munduko zalerik onenetarikoak direla». Bestalde, hilaren 14an Estatu frantsesean jai dela kontuan hartzeko ere aipatu zuen, arazorik gabe iritsi ahal izateko Pirinioetara.

Horrekin batera, Karpin Galicia taldeko Iban Mayozek ere izan zuen zaleentzat zer esanik. «Tourra munduko lasterketarik garrantzitsuena da, eta zaleei Tourrera joateko eskatu nahi diet. Euskal txirrindularientzat oso bereziak dira Pirinioetako etapak, giro aparta ere izaten baita bertan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo